Aurten ere EH Bilduk zergen igoera orokorra aurkeztu digu, 1,5ekoa. Egia da batzuk mantendu egiten direla, baina beste batzuk baimendutako maximoetan daude.
2011tik, eta EH Bilduk urtero aplikatu dituen igoerak kontuan izanda, hernaniar batek urte horretan ordaintzen zuen 100 € bakoitzeko 113,5 € ordaintzen ditu gaur egun.
EAJ-PNVk igoeraren aurka bozkatu du eta hainbat arrazoirengatik zergak izoztea proposatu du. Lehenik eta behin, Udalak urte askoan urte amaieran gastatu ez duen diru mordoa duelako (2022an 20 milioi euro baino gehiago); bigarrenik, 6 milioi euro baino gehiago kajoi batean dauzkalako, ukitu gabe; eta hirugarrenik, 2022an nola gauden ikusita, eta 2023an datorrena kontuan izanda, herritarrengandik gertuen dagoen erakundeak ez lituzkeelako zergak igo behar, eta are gutxiago Udala dagoen egoera ekonomikoa egonda.
Gure ustez, administrazioak dirua bildu behar du herritarrei kalitatezko zerbitzuak emateko,
baina Udalak diru hori gastatzeko gai izan behar du, eta diru horrek eragina izan behar du herritarren ongizatean. Udal hau aspaldidanik ari da dirua udal-kutxetan pilatzen, eta, ondorioz, ez da herriarengana iristen.
Diru-bilketaren eta zerbitzu publikoaren inguruan dugun ikuspegia ez da EH Bilduk duena. Guk zergak igoko ditugu herritarrei zerbitzua eman ahal badiegu; bildutako dirua gastatu ezin badugu, ez ditugu igoko.
Andoni Amonarraiz Gomez
Hernaniko EAJ-PNVko
bozeramailea