Hasteko, garaipena, 23 urtez azpikoek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 00:00

Mutil gazteek 32-3 menderatu zuten Burgos, Landaren. Euskal Ligako nesken partidua bertan behera geratu zen.

Ezin hobeto hasi du Estatuko Txapelketa, Hernaniko 23 urtez azpiko mutilen taldeak. Landaren jokatu zuen estreinako partidua larunbatean, Burgosen kontra; eta nagusi izan zen zelaian (32-3). Horrela, garaipena ez ezik, erasoko bonusa ere eskuratu zuen, bost puntu pilatzeko.

Hasieratik aritu zen eroso Hernani, eta atsedenaldira iristerako, tarte haundia zeukan lortuta (17-3). Partidua aldatzetik urrun, aldea bikoiztu egin zuten trikoloreek bigarren zatian, Burgosi puntu bakar bat ere lortzeko aukerarik eman gabe.

Denboraldia bikain hasita, ligako aurreneko liderra da Hernani. Datorren asteburuan Valladolidera egingo du bidaia, eta El Salvador izango du kontrario: aurreneko jardunaldian bost puntu lortu dituen beste taldea, hain justu.

Joan den asteburuan hasi behar zuen Euskal Liga, Hernaniko neska seniorren taldeak ere. Gasteizen jokatu behar zuen, Gaztediren kontra; baina bertan behera geratu zen partidua, Hernanik nahikoa jokalari ez zituelako erabilgarri.

 

Ohorezko B Mailako taldeak, igandean debuta Landaren

Datorren asteburuan ekingo dio Ohorezko B Mailari, mutil seniorren taldeak. Landaren egingo du debuta Hernanik, igandean, eguerdiko 12:00etan hasita; eta Uni Bilbao hartuko du.

Ohorezko Mailara igotzeko lehian aritu nahi du Hernanik berriro, eta horretarako, A multzoko hiru onenen artean sailkatzea izango du helburu, ligako aurreneko fase honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!