Kronikaren aldeko erremonte jaialdia protagonista izango da ostiralean, Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 3a, 00:00

Musikak ez du hutsik egingo aurtengo jaialdian.

Arratsaldeko 17:00etan irekiko dira Galarretako ateak, eta 17:30etan emango zaie hasiera, Kronikaren erremonte jaialdiko partiduei.

Bigarren urtez, bueltan da Oriamendik eta Kronikak elkarlanean antolatutako erremonte jaialdia. Ostiral honetan ospatuko da ekitaldia, Galarretan, arratsaldeko 17:00etan hasita. Galarretan uztartuko dira, besteak beste, erremontea, musika, eta gastronomia.

Galarretako kantxan, guztira bi finalerdi eta finala jokatuko dituzte erremontistek. Lehenengo finalerdian, Loitegi eta Barrenetxea, Goikoetxea V eta Larrañagaren aurka lehiatuko dira. Bigarren finalerdian, berriz, Ezkurra IIak eta Apezetxeak, Ansa IIren eta Zubiriren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. 

Kirolaz gain, sabelak betetzeko tartea ere eskainiko da eta pintxo ederrez gain, 22 sagardotegiren sagardoa edateko tartea ere egongo da, honakoak hain zuzen: Akarregi, Alberro, Altzueta, Artola, Elorrabi, Elutxeta, Eula, Gartziategi, Goiko-Lastola, Gurutzeta, Iparragirre, Itxasburu, Larre-Gain, Lizeaga, Oialume Zar, Olaizola, Otsua-Enea, Oyarbide, Petritegi, Rufino, Zapiain eta Zelaia. 

Sarrerak dagoeneko eskuragai 

Kronikaren erremonte jaialdirako sarrerak 12  euro balio du, eta  sarrerarekin pintxoa eta edari 1 hartzeko aukera izango da. Ondorengo lekuetan daude salgai: Kronikan, Galarretan (egunean bertan), Ikatza tabernan (Astigarraga), eta Amaia kafetegian (Goizueta). 10 urtetik beherakoek sarrera doakoa izango dute. Horrez gain, Ereñotzuko Auzo Udalak, 20 pertsonentzako bina sarrera zozketatuko ditu. Eta parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, telefono hauetara deituta: 943 55 10 00 edo 622 338 395; ereinotzu@ereinotzu.eus helbidera idatzita; edota auzo udaleko bulegora bertaratuta. Era berean, Astigarragako Udalak, herritarren artean 65 sarrera banatuko ditu. Sarrerak gaurtik aurrera eskatu daitezke Erriberan, eta pertsonako bi sarrera banatuko direla azaldu dute, «denak agortu arte». Hori gutxi balitz, Kronikak ere, Kronikakideen artean 4 sarrera bikoitz zozketatuko ditu. Parte hartzeko, sartu ondoko estekan: kronika.eus/zozketak/  eta egin klik 'parte hartu'n. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!