2023ko maiatzean izango diren Udal Hauteskundeetarako, Hernaniko alkategai izateko Ricardo Crespo proposatu du, hirugarrenez, PSE-EEk. Asteartean itxi zen primarioetan bere hautagaitzari abalak aurkezteko epea, eta, ordutik, Crespo Hernaniko Udaleko bozeramile sozialista da PSE-EEren alkategai ofiziala.
Oraingo honetan, Crespo izan da hautagai bakarra, eta, jakitera eman dutenez, «iritsi da PSOEren Batzorde Exekutibo Federalak 2023ko Udal Hauteskundeetarako onartutako deialdi oinarriek ezartzen dituzten abalen gehienera».
«Udal zergen igoera berri baten aurka», PSE-EE
Cresporen hautagaitzaren berri emateaz gain, alderdi sozialistak Hernaniko EH Bilduren kudeaketa salatu du egunotan. Zehazki, «udal zergen igoera berri baten aurka» azaldu da. «EH Bilduren gehiengo absolutua duen gobernuak berriro igo dizkie zergak hernaniarrei, eta 2017tik presio fiskala areagotzen ari da, 2021eko salbuespenarekin; hau da, Covid urtea».
Horrekin batera, honako hauxe gaineratu du Crespok: «Hernaniko Udala urteotan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik jasotzen ari den aparteko baliabideak igo arren, Hernaniko EH Bilduk tematuta jarraitzen du zergak beste urtebetez igotzen jarraitzearekin».
Hain zuzen ere, talde sozialistak defendatu duenez, Udalak bere gain hartu beharko luke eskaintzen dituen zerbitzuen kostuen igoera orokorra, «eta ez luke zertan eragin behar %1,5eko igoera herritarrei udal zergetan eta tasetan». Izan ere, diotenez, «dagoeneko kontsumo ondasunen prezioen igoera jasaten ari da, soldata-igoerarik gabe».
Era berean, Crespok adierazi du azken urteetan Hernanik «uste baino finantzaketa gehiago» jaso duela Foru Aldunditik. Hori horrela, 2019an aurreikusitakoa baino 750.000 euro gehiago jaso zituen; 2020an, ia 850.000 euro gehiago; eta 2021ean, esperotakoa baino 2,3 milioi gehiago. «2022ko abuztura arte, 2021ekoarekin alderatuta, Aldundiak bildutako dirua ia %7 igo dela kontuan hartzen badugu, logikoena da pentsatzea 2022rako Aldundiak Hernaniko Udalari emango dion finantzaketa ere aurreikusitakoa baino haundiagoa izango dela».
Azkenik, sozialistek gogorarazi dute 2022ko maiatzean 8,3 milioi euroko diruzaintzako gerakina onartu zela, «gehi beste 5,6 milioi euro, Udalak kontingentzietarako kaxoi batean gordeta dituenak». PSE-EEren esanetan, «diru hori zirkulazioan jarriz gero, aurre egingo lioke bizi dugun ezegonkortasuneko eta prezioen igoerako uneari».