Martxan da Bakailu Astea, dagoeneko epaimahai profesionalaren balorazioa jaso duten 24 pintxorekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Bakailu Astearen antolatzaileak eta epaimahai profesionala, aurkezpenean.

Urriaren 3tik 14ra izango da Bakailu Astea, eta pintxo lehiaketak hartuko du protagonismo gehien. Aurtengo nobedadeetako bat da epaimahai profesional batek ere sarituko duela pintxo onena, eta atzo bertan eman zuen epaia.

Edizio borobila izango du aurtengoa, 10garrena, Hernaniko Bakailu Asteak. Datorren astelehenean hasi, eta urriaren 14ra arte luzatuko da, dagoeneko «klasiko» bat bilakatu den ospakizuna. Atzo eman zuten egitarauaren berri Xabier Lertxundi alkateak, Mertxe Jimenez Berriak elkarteko teknikariak, eta Jaione Irazu Merkataritza eta Turismo teknikariak.

Modu berezian egin zuten aurkezpena, Atsegindegin. Platerez betetako mahai baten inguruan, 24 pintxo dastatzen aritu ziren Eider Mendiola (Iturralde jatetxea), Aritz Ansola (Sansonategi jatetxea), Aitzol Zugasti (AZ gastronomia) eta Elena Izagirre (Errioguarda Enea). Epaimahaikide izan dira beraiek, Bakailu Astearen aurtengo nobedadean: sari profesionala ere banatuko dute, bakailu pintxoen lehiaketan. Hori horrela, atzo bertan erabaki zuten irabazlea lauen artean, baina urriaren 15ean jakinaraziko dute, sari herrikoiarekin batera.

Horrek ere ez baitu hutsik egingo, noski: urriaren 3tik 14ra, 24 taberna eta jatetxetako pintxoak dastatzeko aukera izango da 2 euroan, eta hiru onenak aukeratuko dituzte herritarrek. Honakoak dira parte hartuko dutenak: Aieko, Andrekale21, Apeadero, Aralar, Atxur, Deportibo, Garin, Goiz Argi, Guria, Harresi, Horbel, Joxe Mari, Kafe Arri, Karrero, Kixkal, Latxunbe, Rioja, Tamer, Tripontzi, Txilibita, Txoko, Zinkoenea, Zubialde eta Zumardi.

Kaxkoa girotzeko hainbat ekintza, bi asteetan

Pintxo lehiaketak erakarriko ditu makina bat herritar tabernetara, eta baita kanpoko jendea ere. Baina horrez gain, bestelako ekintzak ere izango dira Kaxkoan, bi asteetan zehar, kaleak alaitzeko. Pil-Pil maskotak ez du hutsik egingo, eta ezta Rockaleanek ere: urriaren 14an izango da Hernanin, beste behin.

Baina dantza ikuskizun ibiltari bat ere ekarriko dute herrira, datorren ostegunean, urriaren 6an: Menua izeneko ikuskizuna eskainiko du Dantzaz konpainiak, arratsaldeko 19:00etan Zinkoeneatik abiatuta.

X. BAKAILU ASTEA - EGITARAUA

Urriak 3-14, Tabernen arteko bakailu pintxo lehiaketa.

Urriak 3-14, 'Non dago Pil-Pil?' jokoa. Pil-Pil hiru tokitan aurkitzen duenak saria izango du.

Urriak 3, 6, 10 eta 13, Pil-Pil kalean ibiliko da, eta produktu sorta baten zozketa prestatu dute. Parte hartzeko, Pil-Pil topatu, berarekin argazkia atera eta whatsappez bidali behar da 676 194 803 telefonora.

Urriak 6, 'Menua' dantza ikuskizun ibiltaria Kaxkoan, Dantzaz konpainiaren eskutik, 20:00etan Zinkoenean hasita.

Urriak 8 eta 9, Doako bisita gidatuak Kaxkoan, 11:00etan hasita, 8an euskeraz eta 9an gaztelaniaz. Izenematea: 688 607 838 edo turismoa@hernani.eus.

Urriak 14, Kale animazioa: Rockalean (19:00-21:00).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!