Nerea Ibarzabalek, kanporaketa bihar

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 30a, 19:40

Bihar hasiko du bere ibilbidea Nerea Ibarzabalek, aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian. Hernanin bizi den markina-xemeindarrak kanporaketa jokatuko du Zuberoan, Gotaine-Irabarnen, arratsaldeko 17:00etan hasita. Honako bostak izango ditu bertsokide: Ane Labaka, Eneko Lazkoz, Julio Soto, Oihana Iguaran eta Patxi Iriart. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Aritz Bidegain ariko da.

Kanporaketa gogorra izango da biharkoa, eta irabazlea bakarrik sailkatuko da zuzenean finalaurrekoetara. Gainerakoek, puntuazioen araberako sailkapenean bilatu beharko dute pasea: sei kanporaketen irabazleez gain, 13 puntuazio onena dutenek egingo dute aurrera, eta 17 bertsolari geratuko dira kanpoan.

Biharko saiorako sarrerak, Gotaine-Irabarnen bertan egongo dira eskuragarri, Herriko Gelan, 15:00etatik aurrera. Internet bidez ere eskuratu daitezke, bertsosarrerak.eus webgunean, bihar eguerdiko 12:00ak arte. Sarrera arrunta 12 euro dira, 6-18 urte bitarteko gazteentzat 6 euro, eta Bertsozale Elkarteko bazkideentzat 10 euro. Bertso saiorako, arratsaldeko 16:00etan irekiko dituzte aretoko ateak, eta sarrerak ez dira zenbakituak izango.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!