«Mugetan gertatzen ari dena ez dira heriotzak, erailketak baizik»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Herritar ugari bildu ziren Zinkoenean, asteleheneko kontzentrazioan.

Elkarretaratzea egin zuten astelehenean, Zinkoenean, salatzeko «mugetako polizia indarkeriak» jarraitzen duela «hildakoak eragiten». Azaldu zuten, irailaren 12an hil zela emakume gazte migrante bat, tiro batek bularrean eragindako zaurien ondorioz: «Lekukoen esanetan, Espainiara gurutzatzeko asmotan zen txalupa ez uretaratzeko saiatzen ari zen Marokoko polizia. Hildako gaztea ez da polizia indarkeria honen biktima bakarra. Talde berean ziren beste hainbat pertsona ospitaleratu zituzten, haien artean hiru mutil marokoar oso egoera larrian. Haietako batek tiroa jaso zuen bizkarrean. Beste bi gazte, kotxearekin harrapatu zituzten, erasoaren lekutik ihes egiten saiatzen ari zirela».

Hainbat hiritan egin dituzte elkarretaratzeak, eskubide urraketa salatzeko, eta honakoak gaitzesteko: mugako lurraldeetako indarraren erabilera mugagabea, polizia indarkeriaren inpunitatea, Europar Batasunak eta Espainiak Marokoar Erreinuari azpikontratatua dioten mugetako kontrolak larriagotzen duen babesgabetasun egoera, eta jornaleren desagerpen kasuak patroiekin gatazkak izan ondoren.

Hori horrela, adierazi zuten ezin dela onartu «pertsona migranteen giza eskubideak izatea herrialdeen arteko laguntasun ekonomikoen baitakoak». Eta aldarrikatu zuten, inor ez dela ilegala, eta mugetan gertatzen ari direnak ez direla heriotzak, «erailketak baizik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!