Gaur hasiko dute Euskal Liga, Hernaniko neskek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Hernani-Gaztedi, Landaren.

Gasteizen jokatuko dute, 17:00etan, Gaztediren kontra. 23 urtez azpiko mutilek ere egingo dute debuta, Burgosen kontra, 15:00etan Landaren.

Aurreikusita zegoena baino astebete beranduago hasiko da, azkenean, mutilen Ohorezko B Maila. Datorren asteburuan ekingo diote, eta etxean jokatuko du denboraldiko aurreneko partidua Hernanik, A multzoan: Uni Bilbao hartuko du Landaren. A multzo horretan 10 talde ariko dira, ligako aurreneko fasean; trikoloreekin eta bilbotarrekin batera, honako zortziak: Independiente, Getxo, Bera Bera, Uribealdea, Zarautz, Real Oviedo, La Unica eta Gaztedi. Bederatzina partidu jokatuko dituzte fase honetan, urtarrilaren 8ra arte.

Mutil seniorren taldeak baino lehenago hasiko du denboraldia neska seniorrenak, Euskal Ligan. Gaur bertan ekingo dio, Gasteizen: Gaztediren kontra jokatuko du, arratsaldeko 17:00etan hasita, Gamarra zelaian. Aurreko denboraldian maila ederrean aritu ondoren, bide beretik ekin nahi diote trikoloreek, denboraldi berriari. Joan den martxoan, Euskal Ligako azkeneko partiduan egin zien ihes hernaniarrei, Ohorezko B Mailara igotzeko play-offa lehiatzeko aukerak; eta gerora, maiatzean, kopa irabazi zuten. Pauso bat gehiago eman nahiko dute aurten, igoeraren lehian aritzeko.

Gaur egingo du debuta, 23 urtez azpiko mutilen taldeak ere, Estatuko Txapelketan: Burgosen kontra jokatuko du, 15:00etan Landaren. B multzoan ariko da Hernani, beste zortzi talderekin batera: Burgos, Gernika, VRAC, El Salvador, Cisneros, Goierri, Alcobendas eta Belenos.

 

Topaketa Hondarribian, 10 eta 12 urtez azpikoek

Asteburu honetan, bestalde, Gipuzkoako Topaketak hasiko dituzte 10 eta 12 urtez azpikoen taldeek. Goizeko 10:30etan hasiko dira 12 urtez azpikoen partiduak, eta 11 talde ariko dira guztira. Hiru partidu jokatuko dituzte trikoloreek. 10 urtez azpikoek, berriz, 12:15etan ekingo diote, 13 talderekin; eta bi talde izango ditu Hernanik: launa partidu jokatuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!