Lizeagako festak auzotarrak elkartuko ditu

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Hiru neska pozik, aurpegia margotzeko txandaren zain, Lizeagako Jaiak hasi berritan, atzo arratsaldean.

Bazkari herrikoian eta koadrilen afarian bilduko dira mahaiaren inguruan, aurretik eta ondoren umeentzako jolasekin, txarangarekin, buruhaundiekin, barrakekin, aerorrumbarekin eta DJarekin musikarekin gozatu eta gero. 

Lizeagako festak hastearekin batera eguzkiaren printzak nagusitu ziren atzo zeruan. Asteburu eder baten bihozkada. Txupinazoa jaurtiki zen arratsaldean eta, hortik aurrera, egiteko mordoa izan zuten auzotarrek. Txupinazoarekin batera, Xake Txapelketa izan zen segidan. Buruak astindu zituzten haurrek eta gainera inongo polemikarik gabe eta inongo tranpa salaketarik gabe. Helduek badute zer ikasi alde horretatik.

Umeak jaun eta jabe izan ziren festen hasieran. Arratsaldean zehar handik hona ibili ziren jolasean, prestatutako ekintzekin gozatzen. Gurasoek ez zuten inongo buruhausterik izan ea nora eman umeak, beraientzat hainbat ekintza antolatu baitziren. Xakea eta gero, etxeko txikienentzat prestatu zituzten hainbat jarduera. 

Dozena bat haur inguru gerturatu ziren Urumea ikastolako patiora, Xake Txapelketan aritzera.
 

Aurpegi-margoketa eta puzgarriak izan ziren, eta, gainera, marrazki-lehiaketarako, auzoa gai hartuta, beraien artea erakusteko aukera izan zuten. Helduren bat ere animatu zen marrazki lehiaketan partehartzen, irekia zen eta. Barruan daramagun Picasso, Zuloaga eta Goya erakusteko parada izan zuten auzotarrek. Haurrak gaurko, ohean sartuta, indarrak berreskuratzen ari ziren bitartean, helduentzako eguna borobildu zen Tute Txapelketarekin Aitan-Etxe tabernan. Atzoko eguna amaitzeko 20 Inviernos taldeak kontzertua eskaini zuen eta parrandak jarraitu zuen auzoko tabernetan eta postuan. 

Suziria piztu bai, piztu zuen puruarekin... baina zerurako bidea hartu aurretik itzali zen! Bazeuzkaten gehiago, noski!
 

Gaur, egun osoko egitaraua

Gaur, larunbatean, goizetik hasita gauera arte izango dira ekintzak. Goizerako, prestatu dituzte umeentzako jolasak, erroskilla tailerra, buruhaundiak eta Gautxori txaranga. 10:00etan irekiko dira jolasak Urumean, erroskila tailerrarekin batera. Marrazki lehiaketarako lanak 11:30etan jasoko dira eta hamaiketakoarekin hartuko dituzte indarrak, auzotarrek, txarangaren atzetik saltoka eta buruhaundien aurretik korrika aritzeko.

Eguerdian, herri-bazkaria egingo dute Urumea Ikastolako jolastokian. Bazkarirako tiketak tabernatan egon dira salgai aste osoan zehar, 15 euroren truke. Bazkaria momentu ona izaten da aspaldian ikusi gabeko auzotarrak bildu eta kontu zaharrak eta berriak gogoratu eta bizitzeko. Elkarrekin, auzo egiteko modu ezinhobea, bazkalostea izaten den bezala.

Bazkalondoren, haurrek barraketan ibiltzeko aukera izango dute, dohainik, arratsaldeko 17:00ak arte. Bingoak ez du hutsik egingo aurtengoan ere auzotarren artean irriak eta pozak sortuz. Bazkalostean izango da hori. Jarraian, berriz ere gosetzeko eta gorputza mugitzeko aerorrumba saioa izango da eta, gero, koadrilen afaria egingo dute. Gogorarazten da koadrilen afaria norberaren kontura izango dela, baina edariak jai-batzordeak jarriko dituela. Eguna musikarekin agurtuko dute, DJ baten saioa izango baita gauean. 

Buruhaundiak eta txaranga urtero irteten dira larunbata eguerdian eta gaur ere kalean ibiliko dira giroa alaitzen.

  

Tortila, sagardoa eta musa, bihar

Bihar amaituko da festa, eta hainbat saio antolatu dituzte azken txanparako. Sagardoa izango da eguneko protagonista, sagardo-dastaketa egingo baitute auzotarrek eta bertaratzen direnek, trikiti doinuen artean. Edalontzia 2 euroan eskuratu ahal izango da, eta pintxoa, berriz, euro batean. Horrez gain, toka eta bote txapelketak eta tortilla lehiaketa ere izango dira. Lizeagara hurbildu eta festaz disfrutatzeko aukera paregabea. 

Azken honek arrakasta haundia izaten du eta auzotar askok hartzen du parte sukaldari trebeziak erakutsi nahian. Arratsaldean, Lizeaga tabernan, bikoteak elkartuko dira Mus Txapelketan partehartzeko.

 

LIZEAGAKO JAIAK 2022

EGITARAUA

URRIAK 1, larunbata

10:00 Umeentzako jolasak eta askotariko erroskilla tailerra.

11:30 Lehiaketarako marrazkien bilketa, eta umeentzako hamaiketakoa.

12:00 Buruhaundiak eta Gautxori txaranga. Horrez gain, omenaldia adinekoei Sandiusterrin.

14:30 Herri-bazkaria.

16:00 Barrakak umeentzat dohainik, arratsaldeko 17:00ak arte.

17:30 Bingoa.

19:00 Aerorrumba, arratsaldeko 20:00ak arte.

21:00 Koadrilen afaria.

23:00 Musika DJ baten eskutik.

 

URRIAK 2, igandea

11:30 Tortillak eramateko ordu-muga, lehiaketan parte hartzeko.

12:30 Sagardo-dastaketa eta trikitixa. Horrez gain, Toka eta Bote Txapelketak.

16:00 Mus Txapelketa Lizeaga tabernan.

20:00 Jaien bukaera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!