Udal zergen eta tasen %1,5eko igoera onartu zen, astearteko osoko bilkuran

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 30a, 00:00

Asteburuan autobusen maiztasuna haunditzea eskatu du Podemosek.

Etxeko uraren tasa metro kubikoko zentimo bat igoko da, besteak beste.

Osoko Bilkura izan zen asteartean, udaletxean, eta guztira 8 puntuko gai zerrenda landu zuten udal taldeek. Plenoa hasi bezain laster, 2022ko uztailaren 26ko udalbatzako akta onartu zuten. Eta jarraian, dekretuaren kontu emateari (1651-1931) buruzko xehetasunak eman zituzten. 

Segidan, erretiroko adina aurreratzeagatik enplegatu publikoen sariak ordaintzen segitzeari buruz jardun zuen Lertxundik, azalpenak ematen. Eta ondoren, laugarren puntuari eman zioten hasiera, 2023rako ordenantza fiskalaren aldaketa proposamenarekin, hain zuzen. Beraz, Lertxundik Ogasun zinegotziari pasa zion hitza, Isa Sanchezi: «Zergei eta tasei buruz hitz egiten ari garenean, zerbitzu publikoez ari gara. Urtero bere kostua igotzen da gutxienez, KPIaren ondorioz». Jarraian Sanchezek argitu zuen, 2023an, udalei zerbitzua ematen dieten entitate batzuk, hala nola, Añarbek eta GHK (Gipuzkoako Hondakinen kontsortzioa), tarifak nabarmen igoko dituztela, «igoera horiek udalen gain geldituko dira». Beraz, gobernu taldeak proposatzen du, 2023ko zergak eta tasak KPIarekin ez lotzea eta, iaz bezala, %1,5eko igoera ezartzea: ura, saneamendua, hondakinak, kiroldegiko bonuak... horiek igoko dira. Honek, ondorengo aldaketa suposatuko du: etxeko uraren tasa, metro kubikoko zentimo bat igotzen da; hondakinaren tasa, 80 zentimo igotzen da ordainagiri bakoitza, eta azkenik, kiroldegiko urteko abonu familiarra, 3,5 euro igotzen da. 

Ondoren, igoko ez diren zergak eta tasak azaldu zituzten: «Ez dira igoko IBI industriala, IAE (Jarduera Ekonomikoaren gaineko zerga) eta ICIO (Obra, Eraikuntza eta Instalazioen gaineko zergak). Tasei dagokienez, merkataritza, kultura eta zerbitzu sozialarekin lotuta daudenak ez dira igoko: merkataritzan, establezimenduak irekitzeko lizentziak eta asteko feria, eta Udaletxeko arkupeko postuaren tasak; kulturan, zinema, antzerkia eta kontzertuen sarreren prezioan; eta Zerbitzu sozialetan, eguneko arreta, gizarte alojamenduak eta etxez etxeko laguntzaren tasa». Diru laguntzak, onura fiskalak eta bonifikazioak edo hobariak ere mantendu egingo dira. Eta ordenantza fiskaletan hainbat aldaketa egongo direla ere azpimarratu zuen ogasun zinegotziak: «Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren ordenantza eguneratu da. Hiru obra mota izendatuko dira, eta karga txiki bat izango dute %0,25ekoa. Honako obretan, lehenengoa, mugikortasun arazoak dauzkaten pertsonentzat, etxebizitza barruan irisgarritasuna eta bizi egokitasuna errazteko egindako obrak; bigarrena, teilatu eta fatxadak birgaitzea, eraldatzea edo txukuntzeko obrak egitea. 10 urte baino gehiagoko etxeak izan behar dute. Eta hirugarrena, igogailuak jartzea, igogailurik ez duten etxeetan. Aldaketa horrekin, lortu nahi da tramiteak sinplifikatzea, eta zerga zuzenean aplikatzea, ez da bonifikaziorik eskatu behar eta herritarrek ez dute dirua aurreratu beharko».

Plusbaliaren karga tasa «progresiboa» izango dela ere adierazi zuen Udal taldeak: «Kontutan hartuko da zenbat urte pasatu diren etxebizitza bat erosi eta saldu artean. Izan ere, urte gutxi pasa badira, karga tasa haundiagoa izango da». Landa eremuan, hondakinaren tasa berriak ere sortu dira: «Udazkenean, Udalak hasiko du Martindegi bailaran atez-ate hondakin sailkatuak biltzen», aitortu dute.  Eta azkenik, tasa berri bat sortu dela aurreratu du Ogasun zinegotziak, ondoko azalpenak emanez: «Udal langileak hautatzeko prozesuetan, izena emateko 10 euroko tasa izango da. %50eko hobaria emango zaie egoera hauetako batean dauden interesatuei: langabezian daudenei, genero indarkeriaren biktimei, %33ko edo gehiagoko aniztasun funtzionala dutenei, guraso bakarreko familietako kideei eta familia ugariko kideei». 

Behin ordenantza fiskalean aldaketaren proposamena aurkeztuta, onartutzat eman zen: Podemosek eta EH Bilduk aldeko bozka eman zuten, eta PSE-EEk eta EAJk, berriz, ezezkoa. Alderdi sozialistak, eta alderdi jeltzaleak honakoa gaineratu zuten: «Udalak bere gain hartu beharko luke eskaintzen dituen zerbitzuen kostuaren igoera orokorra, eta ez luke zertan eragin behar %1,5eko igoera herritarrei udal zerga eta tasetan». 

Bozkaketarekin amaituta, bilketaren ordenantza fiskala aho batez onartu zen, eta segidan, hurrengo gaia landu zuten: Aratz ikastolak egindako eraikuntza instalazio eta obren gaineko zergaren salbuespen proposamena: «Eusko Jaurlaritzako ikastetxeetan egiten diren obrak, interes berezikotzat hatzen dira. Beraz, hau ikastetxe bat izanik,  Udal gobernu taldeak proposatzen du, Aratzek eskatutako zerga salbuespen eskaera horri baiezkoa ematea. 7.714 euroko zerga bat da». Bozkaketan, aho batez onartu zen proposamena. 

Ondoren, Podemosek garraio publikoa sustatzeko beharra atera zuen argitara, mozioa aurkeztuta. Honako eskaerak aurkeztu zituen talde moreak, besteak beste: asteburuan autobusen maiztasuna handitzea; Hernanitik igarotzen diren linea guztien ordutegi eguneratuak herriko markesina guztietan jartzea; eta  BU 50 eta BU 10 lineek Errekaldeko geltokia bateratzea. Mozioa onartutzat eman zen, EH Bilduren eta Podemosen aldeko bozkekin. PSE-EEk aurka bozkatu zuen eta EAJ abstenitu egin zen. Denek honako kexa azaldu zioten Podemosi: «Mozioak zehaztasun gehiago behar zituen, esaterako, autobusen maiztasuna zein ordutan haunditu nahi duzue?».

Amaitzeko, bi herritarrek hartu zuten hitza, eskari eta galderetan. Lehenengo herritarrak, Kaxkoa berregituratzeko prozesua zein egoeretan zegoen galdetu zuen, eta Lertxundik, horretan lanean ari zirela erantzun zion: «Lehentasuneko gai bat da, baina Hirigintzan berrestrukturaketa bat daukagu. Espero dugu datorren hilabetean prozesuari berriro eustea». Jarraian, beste herritar batek hartu zuen hitza, eta bi gai jarri zituen mahai ginean: «Dianarekin zer gertatu den jakin nahiko nuke eta beste aldetik, gure portaleko obra batekin arazoak dauzkagu, eta Udalak bizkarra eman digu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!