Katuen kontuak atzean utzita, dantza, ardoa eta literatura izango dira protagonista Hitz Andanan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 30a, 00:00

Chillida Lekun ariko dira bihar Beñardo Goietxe eta Andoni Tolosa 'Morau'.

Atzo hasi zen hitzaren inguruko jaialdia, Joseba Sarrionandiaren eta Ines Osinagaren eskutik; eta Lasala dantza konpainiak emango dio segida gaur.

Indartsu hasi da Hitz Andanaren bosgarren edizioa. Emanaldi ederra eskaini zuten atzo, jaialdiari hasiera emateko, Joseba Sarrionandiak eta Ines Osinagak, Katuen kontuak ikuskizunaren estreinaldiarekin.

Eta atzo oso goran jarritako langa, maila horretan mantendu nahi dute gaur eta bihar, beste hiru hitzordurekin. Lasala dantza konpainiak emango dio segida gaur, Dead dantza eta poesia ikuskizunarekin. Bat izan daitezkeen lau emakumeren bizitza kontatzen du emanaldiak, Puy Barral idazle gaztearen testuekin, eta Judith Argomanizek zuzenduta. Biterin izango da, 19:30etan hasita; eta sarrerak salgai daude 8 euroan, Biterin eta kultura.hernani.eus webgunean.

Zita bikoitza izango da bihar. Egun osoan zehar, Hernaniko II. Liburu Azoka izango da Atsegindegin, 11:00etatik aurrera, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta. 12 argitaletxeren postuak egongo dira bertan, eta liburuen aurkezpenak, ipuin kontaketak, irakurraldiak eta Beldurra ikuskizuna ere eskainiko dituzte.

Eta iluntzean, Chillida Lekura mugituko dute jaialdia: Ardo emanaldia eskainiko dute Andoni Tolosa Morau hernaniarrak eta Beñardo Goietxek, izen bereko disko-liburua aurkezteko. 19:00etan izango da, eta ordubete lehenago sartu ahal izango da museoan. Kontzertuaren ondoren, gainera, ardoa dastatzeko aukera izango da, Iñaki Martiarena Mattin argazkilariaren erakusketan. Horretarako ere, sarrerak Biterin eta kultura.hernani.eus atarian daude eskuragarri, 8 euroan.

Lau sarrera bikoitz, Kronikakideentzat

Dead eta Ardo ikusteko, bina sarrera bikoitz zozketatu ditu Kronikak, Kronikakideen eta Doberako bazkideen artean. Honakoak dira sarituak: Dead emanaldirako, Unai Agirre eta Mikel Otegi; eta Ardo emanaldirako, Lucia Maria Goya eta Idoia Illarramendi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!