Bihar emango diete hasiera Lizeagako jaiei, eta igandera arte luzatuko dira

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 29a, 00:00

Lizeagako jaietako Xake Txapelketa, 2019ko irailean. Duela hiru urte ospatu ziren auzoko festak, azkenekoz.

17:30etan izango da festei hasiera emateko txupinazoa. Hiru egunetarako egitarau zabala prestatu dute, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat. Salgai daude, dagoeneko, herri-bazkarirako tiketak, herriko zenbait tabernatan. 

Egitarau zabalarekin, bihar hasiko dira Lizeagako festak. Arratsaldeko 17:30etan botako dute jaien hasierako txupinazoa eta, hortik aurrera, egiteko mordoa izango da auzoan. Adin guztietarako jarduerak prestatu dituzte, eta aspertzeko tarterik ez da izango igandera arte. Musika, otorduak, txapelketak... Denetarik izango da Lizeagan.

Bihar, txupinazoarekin batera, Xake Txapelketa izango da. Umeak izango dira protagonista, beraientzat antolatu baitute ekintza. Ondoren ere, etxeko txikienentzat prestatu dituzte beste hainbat jarduera. Aurpegi-margoketa eta puzgarriak izango dira, eta, gainera, marrazki-lehiaketarako materiala­ren banaketa ere egingo dute. Aurten, auzoa da gaia eta, noski, haurrek ez ezik, adin guztietako auzotarrek ere parte hartu dezakete. Eguna borobiltzeko, izango dira Tute Txapelketa Aitan-Etxe tabernan, eta 20 Inviernos taldearen kontzertua. 

Larunbatean, goizetik hasita gauera arte izango dira ekintzak. Goizerako, prestatu dituzte umeentzako jolasak, erroskilla tailerra, buruhaundiak eta Gautxori txaranga. Eguerdian, herri-bazkaria egingo dute Urumea Ikastolako jolastokian. Bazkalondoren, haurrek barraketan ibiltzeko aukera izango dute, dohainik, arratsaldeko 17:00ak arte. Bingoak ez du hutsik egingo aurtengoan, eta bazkalostean izango da hori ere. Jarraian, gorputza mugitzeko aerorrumba saioa izango da eta, gero, koadrilen afaria egingo dute. Larunbata musikarekin agurtuko dute, DJ baten saioa izango baita gauean. 

Igandean amaituko da festa, eta hainbat saio antolatu dituzte azken txanparako. Sagardoa izango da eguneko protagonista, sagardo-dastaketa egingo baitute auzotarrek eta bertaratzen direnek, trikiti doinuen artean. Edalontzia 2 euroan eskuratu ahal izango da, eta pintxoa, berriz, euro batean. Horrez gain, toka eta bote txapelketak eta tortilla lehiaketa ere izango dira. 

 

Bazkarirako txartelak, salgai

Larunbateko bazkarirako ti­ketak salgai daude 15 euroan, herriko hainbat tabernatan: Bodegan, Aitan-Etxen, Lizarran eta Lizeagan. Halaber, gogorarazi dute koadrilen afaria norberaren kontura izango dela, baina edariak jai-batzordeak jarriko dituela.

LIZEAGAKO JAIAK 2022

EGITARAUA


IRAILAK 30, ostirala

17:30 Txupinazoa.

Segidan, haurren Xake Txapelketa.

18:00 Aurpegi-margoketa eta puzgarriak.

19:00 Marrazki-lehiaketarako material banaketa. Gaia: auzoa.

22:00 Tute Txapelketa Aitan-Etxe tabernan.

22:30 20 Inviernos taldearen kontzertua.

 

URRIAK 1, larunbata

10:00 Umeentzako jolasak eta askotariko erroskilla tailerra.

11:30 Lehiaketarako marrazkien bilketa, eta umeentzako hamaiketakoa.

12:00 Buruhaundiak eta Gautxori txaranga. Horrez gain, omenaldia adinekoei Sandiusterrin.

14:30 Herri-bazkaria.

16:00 Barrakak umeentzat dohainik, arratsaldeko 17:00ak arte.

17:30 Bingoa.

19:00 Aerorrumba, arratsaldeko 20:00ak arte.

21:00 Koadrilen afaria.

23:00 Musika DJ baten eskutik.


URRIAK 2, igandea

11:30 Tortillak eramateko ordu-muga, lehiaketan parte hartzeko.

12:30 Sagardo-dastaketa eta trikitixa. Horrez gain, Toka eta Bote Txapelketak.

16:00 Mus Txapelketa Lizeaga tabernan.

20:00 Jaien bukaera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!