Epaiketa hiru gizonen aurka, 2020an pertsona bat hiltzen saiatzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 29a, 00:00

Gartzia Goldarazeko parkean gertatu zen ustezko hilketa saiakera. Lau pertsona daude akusatuta.

«Parke batera joan ginen zenbait bitxi erostera, zuhaixka batzuen artetik atera zen, eta gu jotzen hasi zen», adierazi zuten herenegun goizean, Donostiako Epaitegietan, gertaera honengatik akusatuta daudenek. Horixe diote 2020ko abuztuan gizon bat hiltzen saiatu ziren hiru gizonek. Hernaniko Correosen bulegoetako atzealdeko parkean gertatu zen ustezko hilketa saiakera, Gartzia Goldaraz kalean. 

Gipuzkoako Fiskaltzak 14 urteko kartzela-zigorra eskatu du hiru akusatuetako bakoitzarentzat, hilketa saiakera delitua egotzita. Akusatuek diote borroka beste gizonak hasi zuela, «haserre» zegoela eta kolpatu egin zituela, ukabilekin eta gerriko batekin.

Gainera, epaiketa berean, akusatuta dago beste emakume bat ere. Akusatuetako baten emazte ohia da, eta mehatxu delitua egotzi diote. Hauxe da emakumeak biktimari bidali zion mezua: «Me cago veinte mil veces en la caja de todos tus muertos, incluido la caja de tu padre muerto y los clavos de tu padre muerto cuando lo enterraron». Akusatuak mezua bidali ziola onartu zuen, baina borrokaren ostean izan zela ziurtatuta.
 

Fiskaltza: «Biktima trenbidera botatzen ere saiatu ziren»

Herenegun hasi zen lau akusatuen aurkako epaiketa, eta akusatuek erantzun zituzten soilik beren abokatuen galderak. Fiskaltzak bere akusazioan jaso duenez, emakumeak audio bidezko mezu hori bidali eta egun batzuetara, bere senar ohiak, azken horren anaiak eta beste bi gizonek (horietako bat adin txikikoa), Gartzia Goldarazeko parkera joan ziren biktimarengana. Bertan, eztabaida bat hasi zuten, irainak bota zizkioten, erasotzen hasi zitzaizkion, eta trenbidera botatzen ere saiatu ziren. Ondoren, akusatuetako bik gizona heltzen zuten bitartean, adin txikikoak eta beste akusatuak arma txuri batekin ziztadak ematen hasi zitzaizkion. «Eta hori guztia izan zen gizona hiltzeko asmoarekin», azpimarratu du Fiskaltzak. 

Akusatuek bi urte daramatzate behin-behineko espetxeratzean, eta guztiek ukatu dute egozten zaien delitua. Lehenengo batek, salaketa jarri zuen gizona mehatxatu zuen emakumearen senar ohiak, epaiketan adierazi zuen egun hartan parkean gelditu zirela «bitxi batzuk erosteko» eta, momentu horretan, gizona zuhaixka batzuen artetik atera zela, eta haiek jotzen hasi zela. Akusatuak ziurtatu zuen ez zutela gizona hiltzeko asmorik, eta, gainera, gehitu zuen trastorno mentala duela, eskizofrenia zehazki. Aipatu zuen nerabezaroan hasi zela drogak kontsumitzen eta, gertakariak izan ziren egunean, hartu zituela MDMA, anfetaminak eta kokaina. 

Bigarren akusatuak, azken horren anaiak, bertsio berbera errepikatu zuen. Horrez gain, azaldu zuen saiatu zela bitartekari lanak egiten eta gizonak banatzen, baina salaketa jarri duena bere «gainera» bota zela, eta, horregatik, aldapa bera erori zirela jirabiraka trenbide ondora heldu arte. Hori esanda, trenbidera botatzeko ustezko saiakera ukatu zuen, «hesiak bi metroko altuera baitzuen». Halaber, aipatu zuen salaketa jarri zuena «haserre» zegoela, gerrikoa kendu zuela, eta «mundu guztia» jotzen hasi zela. «Ez genuen bera hiltzeko inolako arrazoirik ez asmorik».

Azkenik, hirugarren akusatua, aurrekoekin familia-harremanik ez duena, egitateetatik bereizi da. Ziurtatu zuen borroka gertatu zen lekutik hainbat metrotara zegoela, mugikortasuna eragozten dion desgaitasuna duelako. Era berean, esan zuen egun hartan erasotua ere izan zela. «Kolpatu egin ninduen, gerrikoa kendu, bildu eta nigana bota zuen, besoan ubeldura bat eraginez». Akusatuak argi utzi zuen berak ez duela zerikusirik egitateekin, eta salaketa jarri zuenak «begiak orbitaz kanpo» zituela: «Esaten zion (beste akusatuari) haren emaztearekin egon zela bere etxean». Gainera, salatu zuen atxilotua izan zenean komisaldegian jasotako tratua: «Ez zidaten deirik egiten utzi, eta habeas corpus bat eskatu nahi izan nuen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!