'Burujabetzen herrian biziko gara' kanpaina aurkezteko, ekitaldi irekia, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 00:00
Astelehenean bildu ziren, Hernani Burujabeko sektoreetako ordezkariak.

Urte beteko ibilbidea ospatzeko, larunbaterako ekitaldi «xumea» antolatu du Hernani Burujabek. Goizeko 11:30etan emango zaio hasiera ekitaldiari, eta 'Bira' eta 'Hiritik At' kooperatibek Hernani Burujabe egitasmoari buruz egin duten dokumentala poriektatuko dute, besteak beste. 

Hernani Burujabek lehenengo urteurrena ospatuko du larunbat honetan, eta astelehenean, ekitaldiaren berri eman zuen. Era berean, Burujabetzen herrian biziko gara kanpaina ere aurkeztu zuten eta sektore ezberdinetako ordezkariek, urtebeteko ibilbidearen ondoren zertan ari diren azaltzeaz gain, egitasmo burujabe desberdinei buruzko informazioa eman zuten. Honakoak izan ziren parte hartzaileak: Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea; Gorka Nabarro Bidea Elkarteko ordezkaria; Miren Aranguren, Zaintza sektoreko ordezkaria; Beñat Azkargorta, Telekomunikazioak sektoreko ordezkaria; Alex Lopez, Moneta Sektoreko ordezkaria; Mikel Otxotorena, Elikadura sektoreko ordezkaria; Txaro Unzilla, Etxebizitza sektoreko ordezkaria; eta Mikel Tolosa, Energia sektoreko ordezkaria. 

Xabier Lertxundik hartu zuen hitza, hasiera emateko aurkezpenari, honakoa gogoraraziz «2021eko urriaren 1ean irudikatu zen Hernani Burujabe herri-proiektuaren abiapuntua. Burujabetzara bidean, gure egungo sistema eraldatzeko prest zeuden taldeak, kooperatibak eta pertsonak bildu ginen Atsegindegiko ekitaldi hartan». Eta jarraian, urtebeteko ibilbidea ekarri zuen gogora: «oztopoei aurre egin diegu, antolaketa formulak eta erabakitzeko moduak adostu ditugu... herritik sortu diren mugimendu askok nortasuna eta indarra hartu dute eta bidean aurrera doaz poliki baina etenik gabe». Hala, Hernani Burujabe herri proiektuak jomuga du egungo ereduen aurrean alternatiba «bidezkoa eta burugabeagoa» sortzea, hau da, «gure bizitza posible egiten duten sektoreen gaineko kontrola berreskuratu eta bizi-baldintza duinak bermatzeko bidea egin nahi du Hernani Burujabek» aitortu du Lertxundik.

Urtebetean, hainbat lan talde eta sektore batu dira egitasmora, bakoitza bere erritmoarekin, ideiekin eta dinamikekin: Moneta, Energia, Telekomunikazioak, Elikadura, Zaintza, Merkataritza, Etxebizitza, Bioaniztasuna, Kultura, Lana eta Hezkuntza.

Proiektuaren zutabeak hiru dira: erakunde publikoak (Udala), ehun ekonomikoa (enpresa txiki eta ertainak, kooperatibak eta enpresa publikoak) eta herritarrak. Eta azken hau nabarmendu zuen Bidea Elkarteko Gorka Nabarrok: «pixkanaka egitasmoaren dimentsioa haziz joan da eta garrantzitsua da honen baitan sortzen ari diren proiektu guztiak eta horien zergatia hernaniar guztiei jakinaraztea». Helburu honekin, Burujabetzen herrian biziko gara kanpaina jarri dute martxan, eta egitasmoaren urteurrenarekin bat etorriz, urriaren 1ean ekitaldi irekia egingo da, Biterin, egitasmoa ezagutzera emateko, «herritarren arteko saretze lana bultzatzeko eta orain arte egindakoa ospatzeko» nabarmendu dute. Ekitaldi «xumea» izango da, goizeko 11:30etan emango zaio hasiera eta ordubete iraungo du. Sektore ezberdinek martxan dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte eta Bira eta Hiritik At kooperatibek Hernani Burujabe egitasmoari buruz egin duten dokumentala proiektatuko dute: «herritar guztiei bertaratzeko deia egiten diegu, edozein dela ere jatorria edo adina. Hernani Burujabe guztiontzat zabalik dagoen egitasmoa da».

 

11 sektore, makina bat proiektu 

Guztira 11 sektorek osatzen dute Hernani Burujabe eta astelehenean, ordezkariek xehetasunak aurkeztu zituzten. Hernani Ekhi txanpona sektoreak nabarmendu zuen, ia 60 dendek eta elkartek Ekhilur sistema digitalaren bidezko ordainketak onartu dituztela. Joan den urtarrilean Enherkom elkartea sortu zen bi helburu nagusirekin ; energia burujabetzan sakontzea eta trantsizio sozioekologikoa. Horrez gain, azaldu zuten, bazkidetza kanpaina zutela martxan. Herrilur dendak ere eman zuen bere egoeraren berri, eta Zaintza lanen demokratizazioaren nondik norakoak azaldu zituzten jarraian: «zaintza lanak demokratizatzea da helburua. Horretarako herri prozesua abiatu zen. Une honetan, auzozain izateko aukerak zabalik jarraitzen du. Datorren urriaren 13an egingo dugu bilera irekia, Kulturarteko Plaza Feministan». Ondoren, etxebizitza mahai sektorialak hartu zuen hitza, laburpen bat eginez: «Besteak beste, etxebizitzaren egoera hobetzeko zeregin desberdinak burutu nahi ditu; etxebizitza bulegoa eratzea, etxe hutsen inguruko azterketa berritzea eta etxebizitzaren arloan egiteke dauden proiektuen inguruan informazioa jasotzea». Telekomunikazio sektoreak, berriz, helburua argia zela azaldu zuen: «arrakala digitalari aurre egitea eta telekomunikazio burujabetzean aurrera pausuak ematea, azpiegitura publiko-komunitarioak sortuz eta enpresa multinazional haundiekiko menpekotasuna apurtuz». Eta azkenik, Bioaniztasuna sektorea ere aktibatu da: «Ingurumenak, basogintza ereduak eta makro-proiektuek sortutako kezkei aurre egiteko helburuarekin, natur talde bat sortu nahian dabiltza hainbat lagun. Ekimen horretan bere aletxoa jarri nahi dutenek info@sagarreta.eus helbidera idatzi dezakete».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!