Gudari eguna dela eta, ekitaldia antolatu du Sortuk, gaurko

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 27a, 00:00

'Nehork ez dio eguri itxaropena kenduko' lemapean, ekitaldia antolatu du gaur arratsaldeko 19:00etarako, Sortuk. 

Gudari eguna dela eta, ekitaldia prestatu du Sortuk, Nehork ez dio eguri itxaropena kenduko lelopean. Gaur arratsaldean egingo dute ekitaldia, Nafar kalean, 19:00etan hasita, eta ondorengo hitzak izango dituzte hizpide, besteak beste: «1975eko irailaren 27an fusilatuta erail zituzten Txiki eta Otaegi, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeagatik eta haien borrokak bizirik jarraitzen duela aldarrikatu nahi dugu». 

«Abertzaleen borroka» ere jarri dute mahai gainean: «bizirik jarraitzen du lehengo eta oraingo abertzaleon borrokak. Geroari so egin behar diogu, nondik gatozen aintzat hartuta, batzuek, herri hau bizirauteko hautua egin zutelako bait gaude bizirik herri gisa. Areagotzen ari zen subordinazioaren kontra matxinatu zirelako eta hamaika esparrutara zabaldu zutelako euskal matxinadaren sua, hala nola, kulturgintzara, euskalgintzara, hezkuntzara, enpresetara, kalera...». Ildo beretik, Sortuk argi utzi du zein den borrokaren muina: «herri libre bat izan nahi dugu, inor zapaldu gabe, inoren inposiziorik gabe. Baina gure herriaren askatasuna ukatzen dutenek, lehengoan jarraitzen dute, indarrez ezarri zuten zapalkuntza indarrean mantendu nahian. Herri honi izateko eta erabakitzeko eskubidea ukatuz, bere indarkeriaz eragin dituzten eta eragiten dituzten kaltetuen eskubideak ukatuz. Beren errelatoekin gurea ukatzea dute helburu, gure errelatoa eta memoria ukatzea menpekotasuna mantentzeko oinarrizkoa dutelako. Estatu haundien indarraren arrazoia da, herri txikien arrazoiaren indarrari inposatzen zaion logika hipokrita eta totalitarioa. Euskal basakeria, espainiar eta frantziar zibilizazioaren aurka: Tortura eta estatu terrorismoa zibilizazio horren adierazpen argigarriak direlarik».

Horrez gain, ezker abertzaleak argi du zein den bidea: «ongi dakigu nondik gatozen eta nora goazen. Lur honetatik sortutako mugimendu politiko askatzailea gara. Eta gure sustraietatik zutitzen gara, gaur ere, Euskal Herriaren askatasunaren alde dena emanaz erori direnak lepoan hartuz. Inoiz baino argiago dago gure herriak ez duela etorkizunik Espainia eta Frantziaren mendean. Ez dugulako haiek inposatzen diguten eredurik nahi. Euskal Errepublika, berdinen artekoa, diskriminaziorik gabea, dugu helburu. Geuk erabakitzen duguna izan nahi dugu, askatasunean, berdintasunean». 

Biziraupenari buruz ere jardun du Sortuk: «biziraupenaren lehia irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako militanteek, horregatik dago egun gure eskuetan bizitza duinaren erronka. Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia». 

Eta amaitzeko, aurreko haien leloak ekarri dituzte gogora: «asko gara, bil gaitezen. Herriak soilik aska dezake herria, baina horretarako herriak bere burua antolatu behar du, bere indarrak ahalik eta ongien baliatzeko. Jarrai dezagun horretan, Euskal Herri independete sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematea!»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!