Mondragon Unibertsitsateak, Galarretako campuseko ingenieritzako 120 ikasle berrirekin hasi du ikasturtea

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 27a, 00:00
Ikasturte hasiera, Orona Ideo campusean.

9 urte daramazki Mondragon Unibertsitateak, eta dagoeneko 1.000 gazte baino gehiago igaro dira bertako ikasgeletatik. 

Mondragon Unibertsitateak Galarretan duen Oronako kanpusak, aurreko astean eman zion hasiera ikasturteari, ingeniaritzako 120 ikasle berrirekin. Oronan kokatuta dagoen unibertsitate honek, 9 urte daramatza abian, eta diote dagoeneko 1.000 gazte baino gehiago igaro direla bertako ikasgeletatik. 

Gaur egun, bi ingeniaritza gra­du eskaintzen dira Orona Ideoko kanpusean: Energiaren Ingeniaritza Gradua eta Industria Prozesuetako Ekoteknologia­ko Ingeniaritza Gradua. Horietan, industria arloko jasangarritasunarekin lotutako alderdiak lantzen dituzte. Bi gradu horiez gain, lau master ere eskaintzen dituzte, fabrikazioaren, berrikuntzaren, zibersegurtasunaren eta energiaren arloko gai espezializatuekin lotutakoak. 2022 eta 2023 ikasturtean, azken esparru horretan gertatu da berrikuntza nagusia, izan ere, Energia Sistema Adimendunen Masterra jarri da martxan: «energia trantsiziotik eratorritako erronka berriei irtenbideak bilatzeko».

Mondragon Unibertsitateak argi dio, hezkuntza ereduaren ardatz nagusietako bat ikasleen ezagutzak eguneratzea dela- Horretarako, 4 ikerketa taldek egiten dute lan. «Horiek berrikuntza proiektuak garatzen dituzte, inguruko enpresen eskutik, hala nola, energia elektrikoaren, materialen, berrikuntzaren eta fabrikazio teknologien gaietan, betiere eskainitako ingeniaritzekin lotuta». 

Gainera, unibertsitateak, behar bezala prestatutako laborategiak eta ekipamendu teknologikoa ditu, ikasleek praktikak, proiektuak eta ikerketa jarduerak egin ahal izan ditzaten, fase guztietan: gradua, masterra eta doktorego-tesia. 

Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademiko oparoa du Orona Ideo kanpusean. Hala nola, aukeran daude Energiaren Ingeniaritzako gradua, Industria Prozesuetako Ekoteknologiako Ingeniaritzako gradua, Energia Sistema Adimenduen masterrak, Industria Ingeniaritzako masterrak,  Enpresa berrikuntza eta proiektu zuzendaritzako masterrak, eta Zibersegurtasuneko masterra. 

Horrez gain, Mondragon Unibertsitatea «enpresa errealitatean» murgilduta dagoen unibertsitatea dela ziurtatu dute: «harreman etengabea eta estua baitu inguruko enpresekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!