13 boleibol talderekin ariko da Hernani

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 00:00

«Gorakada nabarmena» izan du klubak, bereziki mutiletan, urte gutxitan talderik ez izatetik bost izatera pasa baita.

Oraindik ez du denboraldia hasi Hernaniko boleibol taldeak, «eta dagoeneko irabazi dugula esan behar dugu», adierazi du klubak. Hala uste dute, aurten izango duten talde kopuruari erreparatuta: 13 talde izango dira (nesketan zortzi eta mutiletan bost).

Horrela, azpimarratu dute urte asko pasa dituztela kopuru horietara iritsi gabe, eta «gorakada nabarmena» izan duela klubak, mutiletan bereziki: «duela bost denboraldi gure jokalari guztiak neskak ziren, baina ari dira mutilak boleibolera iristen, oreka inoiz lortuko ez dugun arren».

Zehazki, 188 jokalari izango ditu Hernanik aurten: 136 neska, eta 56 mutil. Eta honako mailetan ariko dira, osatu dituzten 13 taldeak: neska infantiletan bi talde, mutil infantiletan beste bi, neska kadeteetan hiru talde, mutil kadeteetan bakarra, neska jubeniletan bi talde, mutil jubeniletan bat, eta neska zein mutil seniorretan talde bana. Klubak azaldu du, gainera, beste bi talde osatzeko adina jokalari ere bazituela, baina baliabide faltagatik mugatu behar izan dutela.

Zentzu horretan, aipatu dute Hernani BHIko gimnasioan entrenatzeko aukera izango dutela aurten, eta bertan arituko direla infantil mailako lau taldeak: «Bestela, ez dakigu nola moldatuko ginatekeen kiroldegian».

Euskal Ligan arituko dira bi talde nagusiak, aurreko denboraldian bezala. Iaz lortutako postua hobetzea izango dute helburu neskek, taldean izan diren jokalari aldaketek hobekuntza ekarriko dutelakoan. Mutilen kasuan, epe luzerako apustua egin dute: «Duela lau urte, mutil seniorren taldea osatzean, helburu nagusia zen infantiletatik seniorretara maila guztietan taldea izatea, eta aurten lortu dugu hori. Orain, senior taldea erabat aldatu eta gazteei aukera ematea erabaki dugu, bizpahiru urte barru talde sendoa izateko».

Urrian hasiko dira txapelketak: hilaren 8an Euskal Liga, eta amaiera aldea Gipuzkoakoak, gainerako 11 taldeekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!