Gari Arizmendi eta Ander Amonarriz nagusi Zegaman ere, errelebo proban

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 00:00
Gari Arizmendi eta Ander Amonarriz, Zegamako proba hasi aurretik.

Bigarren garaipena dute aurten elkarrekin, Arizmendik bizikletako sektoreak osatuta, eta korrika Amonarrizek.

Mendi duatloien zirkuitua osatzen ari dira Gari Arizmendi eta Ander Amonarriz hernaniarrak, elkarrekin, errelebo proban: bizikletako sektoreak egiten ari da Arizmendi, eta korrikakoak Amonarriz. Eta sekulako mailan ari dira, gainera: hiru probatan, bi garaipen lortu dituzte. Ibarran garaipena lortu eta Igantzin laugarren sailkatu ondoren, Zegaman nagusi izan ziren berriro, joan den larunbatean.

Guztira, 1:50:46 denboran osatu zituzten Zegamako hiru sektoreak: bizikletan bi, eta korrika bestea. Arizmendik 46:47 eta 23:33 denboran osatu zituen bere bi lanak, eta 40:26 denboran egin zuen berea Amonarrizek. Hiru minutuko aldearekin nagusitu ziren, Iban Sanjuan eta Aitor Perez zegamarren aurretik (1:53:49); eta hirugarren izan ziren beste bi hernaniar, Ma­ttin Sanzberro eta Anartz Artola, 1:57:48 denbora eginda. Sanzberrok 51:20 eta 25:08 behar izan zuen bizikletako bi sektoreak egiteko, eta 41:20 denboran osatu zuen korrika saioa Artolak. Beraientzat aurreneko proba izan zen, aurtengo mendi duatloien zirkuituan.

Denboraldiko aurreneko hiru probak jokatuta, sailkapeneko lider dira Arizmendi eta Amonarriz, erreleboen modalitatean. Beste zortzi proba izango dira jokoan, azarora bitartean: Arriaranen, Adunan, Arespalditzan, Amasan eta Aian, urriko larunbatetan; eta Kanpezun, Iruritan eta Igartzan, azaroan. Adunan, gainera, Euskal Herriko Txapelketa izango da jokoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!