Brontzezko Ezkurra saria jaso du Mikel Camposek, 4x300 metroko errelebo proban errekorra lortzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 00:00
Mikel Campos (ezkerretik hirugarrena), Brontzezko Ezkurra jasotzen, errelebo probako hiru taldekideekin batera.

Gipuzkoako Atletismo Federazioaren gala egin zuten aurreko astelehenean Tolosan, eta omenaldia jaso zuen Eva Esnaolak ere, 24 orduko Europako Txapelketatik bueltatu berritan.

Aurreko astelehenean egin zuten Gipuzkoako Atletismo Federazioaren gala, Tolosan; eta bertan, omenaldia jaso zuten CD Hernaniko bi atletak: Mikel Camposek eta Eva Esnaolak.

Brontzezko Ezkurra saria jaso zuen Camposek, 4x300 metroko errelebo proban Gipuzkoako errekorra botatzeagatik, 16 urtez azpikoetan. 2021eko azaroaren 10ean lortu zuen marka Camposek, Almedi Mujikarekin (Arrasate), Manex Irigoienekin (Haurtzaro) eta Xanet Zubillagarekin (Tolosa) laukotea osatuta. Cuencan izan zen hori, eta 2:36,04 denboran gelditu zuten kronometroa.

Esnaolak, berriz, Gipuzkoako Atletismo Federazioaren omenaldia jaso zuen galan, Espainiako selekzio absolutuarekin aritu diren gainerako atletekin batera: Teresa Errandonea, Odei Jainaga, Asier Cuevas, Iraitz Arrospide, Maialen Axpe, Trihas Gebre, Malen Ruiz de Azua, Sara Alonso, Irati Mitxelena eta Maria Vicente.

Hain justu, Italiako Verona hiritik bueltatu berritan jaso zuen omenaldia Esnaolak. 24 orduko Europako Txapelketa lehiatu zuen bertan, irailaren 17an eta 18an; eta 216,456 kilometro egin zituen, munduko errekorra lortuz, 60 urtetik gorako emakumezkoetan. Aurreko errekorra Irina Reutovich errusiarrak zeukan, 200,552 kilometrorekin, 2010eko azaroan Italian bertan lortuta, Palermon.

Proba horretarako deitu zuen Espainiako selekzioak Eva Esnaola, eta horregatik egin zion omenaldia Gipuzkoako Federazioak. Gainera, beste marka bat ere jarri du CD Hernaniko atletak horrela: bera da Espainiako selekzio absolutuarekin aritu den atleta beteranoena. 61 urterekin aritu da bera selekzioarekin, eta Jesus Angel Garcia Bragado martxalariak zeukan marka orain arte, Tokiko Olinpiar Jokoetan 51 urterekin lehiatuta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!