Urumea garbituko dute gaur Karabel parean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 24a, 00:00

Landare eta Zubiondo artean dagoen parkinean jarri dute hitzordua 10:00etan eta berehala hasiko dira garbitzen.

Urumea errekaren garbiketa antolatu du, gaur, Sagarreta taldeak Hernanin. Landare eta Zubiondoren artean dagoen parkina izango da topalekua goizeko
10:00etan eta berehala hasiko dituzte lanak. Edonork parte har dezake, erreka barrutik egingo da, urak ez baitu sakonera haundiegirik zati horretan.

Sagarreta Taldea 2022 urtean elkartzen hasi da, bailarako bioaniztasunaz arduratuta (maiatzean eta ekainean egin ziren hitzaldiak, ibilaldia, dokumentalak…).

Ikasturte berria hasteko auzolanean Urumea errekaren garbiketa bat antolatuko da. Aukeratu den zatia Karabel eta Zubiondo poligonoen arteko tartea da, bi zubien artekoa hain zuzen. Leku hori aukeratu da, sarbide egokiak dituelako, ura ez delako oso sakona eta hainbat hondakin bistaratu direlako erretiratzeko.

Gainera, herritarrek ibaia ezagutzeko ere aprobetxatuko dute auzolana, izan ere, «askotan errekari bizkar emanda bizi gara. Erreka garbitzeaz gain, ingurumenaren egoeraren behaketa egingo da», gaineratu dute Sagarretatik.

Norberak aldatzeko arropa eta errekan ibiltzeko oinetako egokiak ekarri beharko ditu, ibai barrutik aritzeko modukoak. Gainontzeko materiala, eskularruak, poltsak, erramintak… bertan banatuko dira.

Taldeak udalaren laguntza izango du azpiegitura eta materialari dagokionez: edukiontziak jarriko dira eta hondakinen kudeaketa egokia egingo da.

Ekimen hau Baso Biziak plataformako hainbat elkarterekin batera egingo da, izan ere erreka garbiketak egingo dira 17 herritan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!