Urumeako 0km gida

«Harrera ona izan dugu betiko bezeroekin zein berriekin»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 24a, 00:00

Julen Aldabe Rodriguez Lamia Konjelatuak dendan, Kale Nagusian.

Julen Aldabe Rodriguez hernaniarrak Lamia Konjelatuak denda ireki berri du, Jaione Konjelatuak zenaren lokalean. «Gustura» dabilela kontatu du. «Tokiko komertzioek elkarri laguntzen diogu, eta hori sekulakoa da».

Zer moduzko harrera izan duzu?

Egia esan, ona izan da. Isabelek zituen aurreko bezeroek etortzen jarraitu dute, eta, alde horretatik, asko eskertu dugu herritarren erantzuna. Trantsizio modukoa izan dugu, eta Isabel laguntzen aritu da lehenengo egunetan. Modu horretan, lortu dugu bezeroak nirekin eroso sentitzea. Gainera, esaten den moduan, aurpegi berriek jende berria ekartzen dute, eta horixe gertatu da nirekin. Alegia, aurretik dendara etortzen ez ziren bezeroak etortzen dira orain konjelatuak erostera.

 

Ba al duzue berrikuntzarik?

Saiatu naiz zenbait produktu gehiago eskaintzen. Tartean daude, esaterako, Larreta esnekiak, Kroketxeako kroketak, Lizeaga sagardoa eta Otsaihen garagardoa. Izan ere, asmoa da aurretik zegoena mantentzea, eta, horrez gain, berrikuntzak txertatzea. Hori horrela, helburu ditut ekoizle txikiak, bertakoak, eta etxean egindako produktu bereziak.

Bestalde, orain, WhatsApp bidez egin daitezke eskaerak. Momentuz, aukera dago soilik dendan erosteko, baina etorkizunean ere erosketak eramateko zerbitzua ere martxan jarri nahi dut.

 

Nola antolatzen duzu lana?

Dena nik egiten dut. Denda eta kamarak garbitu, mantentze-lanez arduratu, erdi hutsak dauden kubetak bete, fakturak egin, eskaerak prestatu eta eskatu... Hemen, lanpostu guztiak betetzen ditut nik!

 

Ba al dago produktu izarrik?

Orain arte ikusi dudanagatik, behintzat, gazteen kasuan, Kroketxako kroketak eta Larreta esnekiak. Haurrentzako, berriz, arraia, arantzarik ez duelako.

 

Zein da zure lanaren alderdi onena?

Herrian bertan nagoela, eta jendearekin zein gainerako komertzioekin gertuko tratua eta harremana izateko aukera dudala. Herriko saltoki txikien artean ez dago lehiakortasunik, eta hori oso gauza ona da, sekulakoa, elkarri laguntzen diogulako. Hori ez ezik, Kaxkoan egoteak duen puntu ona da Lamiatik gertu daudela beste hainbat komertzio, eta horrek jendea erakartzen du gugana.

 

Eta alderdi txarrena?

Komertzio baten arduradun izateak dedikazio haundia eskatzen duela, eta ordu asko pasa behar izaten ditudala dendan. Baina oso gustura nabil, beraz, gaitz erdi!

 

KONTAKTUA ETA ORDUTEGIA

943 55 04 75 / 689 947 734

Astelehenetik ostiralera:
09:00-13:30 eta 17:00-20:00

Larunbatetan: 09:00-13:30

ZOZKETA KRONIKAKIDEENTZAT
Lamia Konjelatuak dendako produktuen saskia.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!