Hernani eta Mundarroko talde nagusiek Zubipen eta Zarkumendegin jokatu dituzte euren partiduak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 24a, 00:00

Amaia Lasa Hernaniko jokalaria, baloia erdiratzeko prest.

Hernaniko Ohorezko Erregional mailako neskek derbia jokatuko dute Urnietaren aurka eta mutilek Lagun Onaken bigarren taldea izango dute aurrez aurre. Mundarrok Donostiako Deustoren aurka dute partidua.

Aurreko asteburuan etxetik urrun partiduak jokatu eta gero, asteburu honetan Hernani eta Mundarroko talde nagusiek etxean izango dituzte partiduak. Honela, Hernaniko Ohorezko Erregional mailako taldeek Urnieta eta Lagun Onak izango dituzte aurkari eta Preferente mailako Mundarrok Donostiako Deusto Unibertsitatea hartuko du Zarkumendegin.

Hernaniko mutilek gaur izango dute partidua, 16:30etatik aurrera, Zubipen, Lagun Onak azpeitiarren aurka. Azpeitiarren bigarren taldea da, lehenengoa Hirugarren mailan dago. Hernanik pasa den asteko Oñatiko porrota ahaztu nahiko du, nahiz eta aurrean talde sendoa izan. Azpeitiarrek irabazi egin zuten aurreneko jardunaldian eta berdindu bigarrengoan. 

Neska hernaniarrek derbia jokatuko dute Urnietaren aurka, gaur 19:00etan. Hernanik ezin hobeto hasi du denboraldia Mutrikun 0-5 irabazita eta bigarren jardunaldian ere faborito dira lehia irabazteko. Urnietak galdu egin zuen, etxean, lehenengo partidua.

Maila bat beherago, Preferente mailan, Mundarrok etxean egingo du debuta gaur, 16:00etan, Donostiako Deusto Unibertsitatearen kontra. Astigartarrek 0-5 irabazi zuten aurreko astean Sanpedrotarraren kontra eta emaitza horri esker lehenengo liderrak izan dira. Hala ere, lidertza mantentzeko irabazi beharra du, aurreneko partidua irabazi zuen talde baten aurka. Hernanik ere irabazi egin zuen lehendabiziko partidua eta gaur, 15:30etan Fanderian, jokatuko du Touringen kontra.

 

Jubenilek, Antiguokoren kontra Berion

Jubenilak ikusi nahi dituenak ere, ez du urrutira joan beharko. Hain zuzen ere, arratsaldeko 17:30etan jokatuko dute hernaniarrek, gaur, Berion, Antiguokoren kontra. Bikain hasi zuten denboraldia Durangon, garaipen dirdiratsu batekin eta aurreko astean Reala Bren aurka galdu zuten, Zubipen. Hala ere, bigarren zatian itxura oso ona eskaini zuen Otxotorenatarren taldeak. 

Orain arteko emaitzek ez dute argi uzten taldeen bidea. Printzipioz, Antiguokok beti izaten du talde indartsua eta hori horrela izanda eta Berion jokatuta, partidu zaila dute aurretik hernaniarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!