Euskera eskaintza zabala dute Udal Euskaltegiak, AEK-k eta Doberak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 24a, 00:00
AEK, Udal Euskaltegi, Udal eta Doberako ordezkariak.

Biterin aurkeztu zuten hiru eragileek euren eskaintza aurtengo ikasturterako.

Hernaniko euskara eskaintza aurkeztu zuten ostegunean Biterin, Udalak babestuta, Udal Euskaltegiak, AEK-k eta Dobera Euskara Elkarteak. Eskaintza zabala da euskera ikasi, hobetu, landu edota erabili nahi dutenentzat. 

Oier Agirresarobe Udal Euskara zinegotziak egin zituen aurkezpen lanak. Gurutze Salaberria Udal Euskaltegiaren izenean aritu zen, Maite Villasante AEK euskaltegiko ordezkari eta Lander Ibarburu eta Eider Tolosa Dobera Euskara Elkartearen ordezkari. 

Oier Agirresarobek azpimarratu zuen Hernanin %61a dela euskalduna eta beste %16 ia euskalduna, baina datu horiek xehetuta «ikusi daiteke portzentaje altuenak gazte eta haurretan daudela eta adinean aurrera joan ahala heldu eta adinekoetan portzentajeak txikiagoak dira. Erabileran isla du horrek eta gehiago helduek presentzia duten lekuetan. Gaztelerak presentzia haundia izaten du. Horregatik da garrantzitsua alfabetatzea, ikastea eta hobetzea».

Hernanik erantzuna emateko baditu hiru erreminta eta erantzun egokiak: bi euskaltegi eta Dobera Euskara Elkartea eta azken urteetan beraien eskaintza zabaldu egin da. Eskaintza hori azaltzen lehendabizikoa Udal Euskaltegiko Gurutze Salaberria izan zen. «Prest eta gogotsu gaude astelehenean hasiko den ikasturte berrirako. Gure helburua, besteak beste, herritarrak euskeraz erraztasunez komunikatzeko laguntza ematea da, aurtengo leloak dioen bezala euskera guztiontzat izatea nahi dugu. Maila guztietan emango dituzte irakasgaiak. «Euskeraz ezer ez dakitenetatik C2 mailaraino. Eskaintzaren barruan aurrez aurreko taldeak eta autoikaskuntza izango ditugu. Gainera, ikasleen beharretara eta helburuetara egokitzen gara. Aurrez aurrekoek bakarkako tutoretzak ere izango dituzte. Material guztia ere sarera igota dago».

Diruak euskera ikasteko edo lantzeko arazo ezin duela izan aipatu zuten denek. Horrela matrikularen %70etik gora  itzultzen da laguntzekin. 

Hernaniko AEK-n berriz helburu nagusia «hiztun aktiboak sortzea da», nabarmendu zuen Maite Villasantek. «Eguneroko komunikazio tresna da euskera» eta hori nahi da bultzatu AEKtik. «Zuzenean nahi dugu herritarrarekin komunikatu. Hernaniko AEK-n, euskeraz egiten laguntzen dugu egunerokotasunean. Gauzak eginez ikasiko duzu euskera». Aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza metodologia eta zilegi eskolak dituzte horretarako. Hemen ere maila guztiak dituzte eta tutoretzak ere badituzte. 

 

Mintzalaguna egitasmoa berriz ere bultzatu du Doberak, doan

Dobera Euskara Elkarteko Lander Ibarburu eta Eider Tolosak Mintzalaguna egitasmoa aurkeztu zuten. «Mintzalaguna, euskerazko mintzapraktika egiteko egitasmoa da. Mintzalaguna euskeraz hitz egin ohi duten pertsonak (euskaldun zaharrak, euskara menperatzen dutenak)  euskeraz egin nahi duten pertsonekin euskeraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Guztiz doakoa», aipatu zuten Lander Ibarburu eta Eider Tolosak.

Ekimenak euskeraz aritzeko aukera ematen die parte hartzaileei. Mintzalaguna izateko «mila arrazoi daude eta egitasmoarekin helduen arteko harreman «informaletan euskararen erabilera areagotu nahi dugu».

Parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordubetez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean... euskeraz aritzeko, euskeraz bizitzeko. Bi modutara parte hartu daiteke: euskera praktikatuz edota euskera praktikatzen lagunduz. Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: batetik, euskeraz komunikatzeko gutxieneko maila izan behar da. Eta bestetik, astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Talde txikien saioez gain, harreman sarea haunditzeko helburuarekin, parte-hartzaile guztiek elkarrekin egiteko jarduera bateratuak antolatzen dituzte: triki mintzapoteoa, bisita gidatuak, telebistako saioa ikustera joan, ikasturte amaierako meriendatxoa...

Egitasmoan izena ematen dutenak talde batean edo bestean sartzeaz dinamizatzaileak arduratzen dira eta partaideen beharrak hartzen dira kontuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!