Karabeleko festetako apar festa gaurko egunera aurreratu da

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 23a, 00:00
Apar festa gaurko egunera aurreratu da.

Biharko euri iragarpenaren ondorioz gaur 17:00etan hasiko da jaia txupinazoa eta buruhaundiekin.

Karabeleko festak gaur hasiko dira eta bihar arte iraungo dute. Biharko eguraldi iragarpenak euria izango dela esaten du eta horren ondorioz umeen apar festa (Tirolina parkean) gaurko egunera aurreratu da. 19:00etan izango da apar festa eta aldaketa horrek ere eragin du jaien hasiera ordubete aurreratzea. Arratsaldeko 17:00etan botako dute jaien hasierako txupinazoa gaur. Ondoren, Buruhaundiak aterako dira kalera, eta jolasak ere prestatuko dituzte haurrentzat. Goraki Ozenki abesbatzaren emanaldia mantendu egiten da ordu berean, baita danborrada eta karaoke herrikoia DJ Nemuxekin.

Hala ere, egun potentea biharkoa izango da ekitaldi ugariko egitarauarekin.  

Bihar, festak ez du izango atsedenik

Festa, bihar, 10:00etako dianarekin hasiko da. Adin guztietarako ekintzak izango dira egun osoan zehar, eta haurrak izango dira aurreneko protagonistak: pedalik gabeko ibilgailuentzako zirkuitua prestatuko dute aurrena, 0-5 urtekoentzat; eta aurpegi margoketa, puzgarriak eta buruhaundiak izango dira ondoren.

Eguerdian, berriz, helduen artean sortuko da saltsa. Sagardo dastaketa izango da, eta aldi berean, hiru txapelketa ere antolatu dituzte: patata tortilla lehiaketa, bizkotxo lehiaketa, eta toka txapelketa. Sari politak prestatu dituzte: aurreneko bietan, bi lagunentzako otordua eskuratuko dute, Zubialde tabernan; eta tokan abilenak, trofeoa jasoko du.

Karabeleko festak ez du etenik izango bazkalorduan, paella «erraldoia» prestatuko baitute; eta bingoan arituko dira bazkalostean. Arratsaldea ere mugitua dator, gaztetxoentzat bereziki: Apaxi ipuin kontalariaren emanaldia, aerorumba saioa Jenny Perlazarekin, txokolatada eta jokuak. Eta gauean, DJ Nemux arduratuko da musikaz berriro, baina zezensuzkoa, su artifizialak eta traka ere izango dira, jaiei bukaera argitsua eman aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!