Gaztelekuak gaur irekiko ditu ateak eta bihar irekiera festa antolatu da

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 23a, 00:00

Arratsaldeko 18:00etan irekiko da gaur eta biharko irekiera festa 16:30etan hasiko da.

Uda amaitu eta udazkenarekin batera, Gaztelekuak ateak irekiko ditu, gaur arratsaldeko 18:00etan. Bertan, Gaztelekuko erabiltzaile izan direnekin berriro elkartzeaz gain «erabiltzaile berriei harrera eta ongi etorria emango diegu, espazio, material eta baliabideak erakutsiz». Irekiera ofizialaz gain, biharko, irekiera festa antolatu dute hezitzaileek, arratsaldeko 16:30etatik 20:00etara bitartean. Halaber, gazte eta nerabeek «sarrera librea» dutela ere azaldu du Gaztelekuko lan taldeak: «ez dago mugarik, egun bakar batean etortzeko aukera dago, edo aste osoan zehar, edota irekitzen dugun bakoitzean, azken finean, sarrera librea da». 

 
Izena emateko orria beteta, zerbitzuaz gozatzeko 

Nabarmentzekoa da, gazteek Gaztelekuko zerbitzuaz gozatu ahal izateko, ezinbestekoa dela guraso edota tutoreek izena emateko orria betetzea. 

Gaztelekuak ondorengo ordutegian ditu ateak zabalik: asteartetik ostegunera, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara; eta ostiraletik igandera, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara. 

12 eta 17 urte bitarteko guraso edota tutoreei, Gaztelekuko zerbitzua eta hezitzaile taldea ezagutzeko eta dituzten zalantzak edota kezkak argitzeko deia luzatu nahi izan diete, Estherrek, Xabik, Ixonek eta Maiderrek. Horretarako, bide ezberdinak jarri dituzte eskura: Telefonoa eta WhatsApp-a: 943 333 212 / 688 82 34 20; e-posta: gaztelekua@hernani.eus; sare sozialak (Twitter eta Instagram): @hgaztelekua; eta helbidea: Aristizabal kalea 5, behea, 20120, Hernani. 

 

Urriko egitaraua argitaratu da

Bestetik, Gaztelekuak urriko egitaraua argitaratu du. Irailaren azken asteko 27an, 28an eta 29an Gaztelekuko baliabideak ezagutzen izango dira bertan; irailaren 30ean #interes guneak daude iragarrita; urriaren 1ean, ping pong txapelketa; urriaren 2an eta 15ean, ezagutza jolasak; urriaren 7an eta 27an, wii bideojolasean ariko dira; urriaren 8an, Costa jumpera irteera; urriaren 9an, Sexkuntza; urriaren 11n eta 25ean, merienda osasungarria; urriaren 13an, esku lanetan pultserak egingo dira; urriaren 16an, zinema proiektatuko da gaztelekuan; urriaren 19an, badmintonera jolastuko dute terrazan; urriaren 21ean, dardo partida; urriaren 22an, Zumaiako Flyschera irteera; urriaren 23an, esku-lanetan kutxak egingo dituzte; urriaren 29an, sukaldaritza erakutsiko da; eta urriaren 30ean, Gau Beltza ospatuko dute

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!