«Kulturarteko Plaza Feministak ahalbideratu dezake elkartasun sarea areagotzea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 23a, 00:00
Duela urtebete inauguratu zen Kulturarteko Plaza Feminista.

Irailean urtebete bete du espazioak eta gaur ospatuko dute 18:00etan urteurrena bokadu eta musikarekin. «Ezberdina eta egoera zaurgarrian daudenekiko enpatia sortzea da erronketako bat», dio Saioa Iraola dinamizatzaileak.

Saioa Iraola Kulturarteko Plaza Feministako dinamizatzaileak, gaur ospatuko den espazioaren lehenengo urteurrenaren xehetasunak aipatu dizkio Kronikari. «Orain dela urtebete inaugurazio ekitaldia ezin izan genuen borobildu nahi izan bezala eta gaur lehenengo urteurrena ospatuko dugu, 18:00etatik aurrera Kulturarteko Plaza Feministan. Tartetxo bat elkarrekin egon, elkar begiratu, ezagutu eta bokadu baten bueltan bilduko gara. Herritarrak deitu nahi ditugu hurbiltzera eta gunea ezagutzen ez badute ezagutzeko aukera aproposa izan daiteke».

Interesgarria ikusten du Iraolak partekatzea urte hontako balorazioa. «Ikasturtean zehar 8.000 pasatxo joan etorri izan dira Kulturarteko Plaza Feministan, gehienak 35-60 urte bitarteko emakumeak. Alde batetik ikusten dugu badela elkargune bat. Eguneroko ohiko jardunetan gurutzatzen ez garen herritarrak elkartzen garen espazio bat da. Batzuk zerbitzuetara joaten dira, beste batzuk ekitaldietara, beste batzuk eragile feministen espaziora, baina azkenean bada plaza bat espazio publikoan hain erdigunean ez dauden herritarrak biltzen dituena». 

Bestetik dioenez, «espazio batean badaude zerbitzu osagarriak egoera zaurgarriagoan dauden herritarren bizi baldintzak edo bizitakoari begira, espazio integralena. Herrian dauden beste zerbitzuekin harremanetan gaude etengabe. Izan daitezke laguntza zerbitzuak, udaltzaingoa... Gure arteko koordinazio horri eustea da erronka, egoera zaurgarrienetan bizi diren herritarrentzako babesa eskaintzeko. Hor aurrerapausoak ematea da helburua».

Beste alde batetik, «ikusten dugu pertsona desberdinen arteko sareak egin eta babesa eskaintzeko balio duela. Esaterako, adin tarte ezberdinetako herritarren artean zatiketa haundia dago. Belaunaldien artean etxetik haratago gutxitan elkartzen dira. Gero eta gizarte indibidual eta zatikatuagoan bizi gara, pandemiak hori areagotu egin du eta horren aurrean hau da espazio bat, antolatzen diren ekimenetan, belaunaldi ezberdinetako edo oso bizipen ezberdineko jendea biltzen duena. Jabetze eskoletan edo Amherren elkartzen dira kultura, bizipen, jatorri... oso ezberdinetako herritarrak. Ezberdina den horrekiko mesfidantzak uxatze ariketa bat gertatzen da Kulturarteko Plaza Feministan. Hori erronka bat da bizitzan eta baita espazio honetan. Horrelako espazio batek ahalbideratu dezake ezberdina denaren aurrean jarrera enpatiko bat edukitzen eta batez ere elkartasun sarea areagotzea, feminismoaren alde eta arrazakeriaren aurka».  

 

Ikusteko dago zer bide hartuko duen

Saioa Iraolak aipatu du proiektuaren hastapenetan daudela eta ikusteko dagoela oraindik zer bide hartuko duen. «Ibilbide luze batetik gatoz Hernanin. Berdintasun departamenduak 20 urte baditu. Mugimendu feministaren urteetako eskakizuna izan den espazioa da eta lan haundia egin da hona iristeko. Proiektu bezala, aurrera begira, erronka ezberdinak identifikatzen ditugula. Amesten zen honelako espazio batek sortu zitzakeen aukerak eta hori bai ikusten da ematen dituela. Aurrera begirako erronka bat da, proiektua zabaltzea eta herriratzea. Zerbitzuak eskaintzen dira, baina zerbitzu horiek lantzen goaz parte diren eragile ezberdinekin. Ikusten goaz zer behar dauden eta horiek etengabe aztertzen joan behar dira ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintzeko». 

Urte honetan, espazio propioa sortzea: «amestu den zerbait betetzea izan da. Proposamen berrietara irekita dagoen espazio bat da. Alde horretatik oraindik ibilbide luze bat duen proiektu bat da. Harreman berrietara irekitzen digun espazioa da eta lantzen ari garena. Partehartzea nola sustatu ere erronka bat da, norbera ere badela honen parte».

Bisita gidatuak ere antolatu dira Plaza Feministara. «Herritar batzuk ez dira inoiz egon eta horrek lagundu du. oraindik ere Hernanin zabaldu behar den espazioa da, askok ez dutelako ezagutuko».

 

 

'Gatazka armatuaren irakurketa feministak' ikastaroa antolatu dute

Urriaren 5ean, azaroaren 2an, azaroaren 23an eta abenduaren 14an, 18:30etatik 20:30etara izango da Kulturarteko Plaza Feministan.

Urriaren 5ean hasiko da Gatazka armatuaren irakurketa feministak: begirada soziologiko eta literarioen bidegurutzean ikastaroa, Kulturarteko Plaza Feministan. Izenematea irailaren 30era arte da eta inprimakia Udalaren webgunean bete behar da. Zalantzarik izanez gero 943337017 telefonora deitu daiteke.

Ikastaroa doakoa izango da eta euskaraz. Hilean behin egingo dira saioak, abendura arte, ondorengo datetan: urriak 5, azaroak 2, azaroak 23 eta abenduak 14 dira. Ordutegia 18:30etatik 20:30etara izango da.

Sei dinamizatzailek parte hartuko dute saioetan: Iratxe Retolaza, Ibai Atutxa, Lorea Azpeitia, Olatz Dañobeitia, Onintza Odriozola eta Eider Rodriguez. Irakurketa feministek biderkatu egiten dituzte gatazka armatuari buruzko galderak. Irakurketa saio hauetan begirada soziologikoaren eta literarioaren bidegurutzean gatazka armatuari buruz orain arte jorratu gabeko auziei heltzeko eta egindako galderei ezberdin erantzuteko ariketa egitea proposatuko da.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!