«Hernani Erabakiko proiektuak gauzatzean, pena da ez ematea merezi duten garrantzia»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 22a, 00:00

Bere ikuspuntua aditzera eman du Elkarrekin Podemosek, Urbietako bizikleten aparkalekuaren inguruan sortu den eztabaidaren harira.

Eztabaida sortu da azken egunetan, Urbieta kaleko bizikletentzako aparkaleku berriaren inguruan. Eta horren harira, bere iritzia eman nahi izan du Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeak ere. Nabarmendu du Hernani Erabaki prozesuko proposamen bat izan zela hori, «600 herritarrek baino gehiagok aukeratu zutena»; eta adierazi du, «pena» dela horrelako proiektuak gauzatzen direnean «merezi duten garrantzia» ez ematea, «hori adierazten duen plakatxo bat jarrita edo prentsan azalduta, adibidez». Zentzu horretan, uste du «askoz ere garrantzitsuagoa» izango litzatekela «Hernani Erabakiko talde eragilean parte hartu zuen norbaiten argazkia, edo ideia proposatu zuen pertsonarena, gobernu taldeko zinegotzi baten argazkia baino. Eta ez pertsonalismoak bilatzeagatik, baizik eta prozesu demokratiko honi izan beharko lukeen balioa emateagatik».

Gauzatu berri den proiektuaren harira, Elkarrekin Podemos-Orain Hernanik azaldu du 2019ko partaidetza prozesuan sortu zela estalitako bizikleta aparkalekuaren ideia, eta urte horretako abenduan onartu zela, 2020ko udal aurrekontuarekin gauzatzeko: «Gobernu taldeak erosketak egitea besterik ez zuen behar, ideia eta dirua bai baitzeuzkaten. 30 hilabete behar izan dituzte enkargua egiteko, eta beste behin erakutsi dute kudeatzeko gaitasun gutxi dutela», kritikatu du udal talde moreak.

Hori horrela, azkeneko hausnarketa bat jarri du mahai gainean: «Hernani Erabakiko proiektu asko daude gauzatu gabe, eta maiatzean izango dira udal hauteskundeak. Nolako hilabeteak datozkigun!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!