Merkataritzaren Festa ospatuko dute bihar, herriko 80 establezimenduk

Hiru herritar kaleko postu batean arropa begiratzen, iazko Merkataritza Festan.

Hernaniko dendek kalera aterako dute beraien eskaintza, eta tabernek terrazak zabalduko dituzte.

Laugarrenez ospatuko dute Hernaniko Merkataritzaren Festa, bihar, Berriak Elkarteak antolatuta, Hernaniko Udalarekin batera: «Herriko kaleak, Kaxkoa bereziki, benetako festa bilakatuko dira, eta Hernaniko dendak izango dira protagonista nagusiak». 80 establezimenduk baino gehiagok hartuko dute parte.

Festaren helburu nagusia da «herritarrak kontzientziatzea erosketak bertako saltokietan egiteak duen garrantziaz, eta ikusaraztea merkataritzak herriari bizia ematen diola. Azken finean, erosketak egiteko gure lehen aukera gure herria izatea».

Hori horrela, saltokiak kalera aterako dira bihar, beraien eskaintza komertziala erakusteko; eta tabernek terrazak zabalduko dituzte. Horretarako, trafikoa itxita egongo da Kaxkoan, goizeko 09:00etatik aurrera.

Gainera, goizean zirku-kale­jira ibiliko da herriko kaleetan zehar, akrobaziak eginez. Eguerdian, berriz, 50 urte bete dituzten hainbat establezimendu omenduko dituzte, Berriak Elkartearen egoitzan. Eta ondoren, luntxa izango da, bertaratu nahi duten establezimenduentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!