Egitarau 'amaigabearekin' ospatuko dituzte Karabeleko Jaiak, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 21a, 00:00
Buruhaundi txikiak aterako dira kalera, txupinazoaren ondoren.

Ostiral arratsaldean hasiko dira, eta oso egun potoloa izango dute larunbatekoa, 20 ekintzarekin. Bihar arte daude salgai paella jaterako tiketak, bingorako kartoiak, kamixetak eta zapiak, arratsaldez Belkara auzo elkartean.

Martxa geldiezina hartu dute Hernaniko auzoetako festek, eta Karabelekoen txanda izango da oraingoan. Ostiralean eta larunbatean ospatuko dituzte, eta egitarau amaigabea prestatu dute, bigarren egunerako bereziki: 20 ekintza izango dira, larunbat goizetik gauera.

Arratsaldeko 18:00etan botako dute jaien hasierako txupinazoa ostiralean, eta giro ederra izango da auzoan, hortik aurrera. Hasteko, buruhaundiak aterako dira kalera, eta jolasak ere prestatuko dituzte haurrentzat. Ondoren, emanaldia eskainiko du Ozenki abesbatzak. Eta segidan, danbor hotsek hartuko dute auzoa. Txosnan ogitartekoak izango dira aukeran afalorduan, gauerako indarrak hartzeko: karaoke herrikoia egingo dute, DJ Nemuxekin.

 

Adin guztietarako ekintzak, larunbat goizetik gauera

Gaueko 01:00etan bukatuko dute festa ostiralean, eta 10:00etako dianarekin ekingo diote berriro larunbatean. Adin guztietarako ekintzak izango dira egun osoan zehar, eta haurrak izango dira aurreneko protagonistak: pedalik gabeko ibilgailuentzako zirkuitua prestatuko dute aurrena, 0-5 urtekoentzat; eta aurpegi margoketa, puzgarriak eta buruhaundiak izango dira ondoren.

Eguerdian, berriz, helduen artean sortuko da saltsa. Sagardo dastaketa izango da, eta aldi berean, hiru txapelketa ere antolatu dituzte: patata tortilla lehiaketa, bizkotxo lehiaketa, eta toka txapelketa. Sari politak prestatu dituzte: aurreneko bietan, bi lagunentzako otordua eskuratuko dute, Zubialde tabernan; eta tokan abilenak, trofeoa jasoko du.

Festak ez du etenik izango bazkalorduan, paella «erraldoia» prestatuko baitute; eta bingoan arituko dira bazkalostean. Arratsaldea ere mugitua dator, gaztetxoentzat bereziki: Apaxi ipuin kontalariaren emanaldia, apar festa, aerorumba saioa Jenny Perlazarekin, txokolatada eta jokuak. Eta gauean, DJ Nemux arduratuko da musikaz berriro, baina zezensuzkoa, su artifizialak eta traka ere izango dira, jaiei bukaera eman aurretik.

 

Tiketak salgai, bihar arte

Paella jaterako tiketak eta bingorako kartoiak, dagoeneko salgai daude. Bihar arte eskuratu ahal izango dira, Belkara auzo elkartean, arratsaldeko 19:30etatik 21:30etara. Dena den, ostiralean eta larunbatean ere izango dira eskuragarri, txosnan. Paella ja­terako tiketa 4 euro dira eta bingorako kartoia 0,5 euro. Karabeleko Jaietako kamixetak (10 euro) eta zapiak (3 euro) ere eskuragarri daude.

EGITARAUA

IRAILAK 23, ostirala

18:00, Txupinazoa eta buruhaundi txikiak.

18:30, Haurrentzako jokoak.

19:30, Ozenki abesbatzaren emanaldia.

20:00, Danborrada.

21:00, Bokatak txosnan.

22:00, Karaoke herrikoia,
DJ Nemuxekin.

01:00, Egunaren amaiera.

 

IRAILAK 24, larunbata

10:00, Diana eta kalejira.

10:15, 0-5 urteko haurrentzat, pedalik gabeko ibilgailuen zirkuitua (norberak eraman behar du berea).

11:00, Aurpegi margoketa eta puzgarriak.

11:30, Buruhaundiak eta musika eskolako trikitilariak.

12:00, Sagardo dastaketa.

12:00, Patata tortilla eta bizkotxo lehiaketak. Irabazleentzat, bi lagunentzako menua Zubialde tabernan.

12:00, Toka txapelketa.
Saria: trofeoa.

14:00, Bazkari herrikoia, 'paella erraldoia'.

15:30, Bingoa.

16:00, Apaxi ipuin kontalariaren emanaldia.

17:00, Apar festa, tirolinaren parkean.

Segidan, Aerorumba erakustaldia Jenny Perlazarekin, parkean.

18:00, Txokolatada.

18:30, Haurrentzako jokuak. Goxokiak, partehartzaile guztientzat.

19:30, Arrautzen jokua, tirolinaren parkean. Irabazlearentzat, degustazio lotea.

20:30, Bokatak txosnan.

21:00, DJ Nemux.

22:00, Zezensuzkoa.

00:00, Su artifizialak eta traka, multipistan.

02:00, Festen amaiera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!