«Indarra eta benetakotasuna», Hitz Andanaren bosgarren edizioak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 21a, 00:00

Irailaren 29tik urriaren 1era ospatuko dute hitzaren jaialdia, Udal Liburutegiak eta Dobera Euskara Elkarteak antolatuta.

Bosgarren edizioa izango du Hitz Andanak, hitzaren inguruko jaialdiak, datorren astean. Irailaren 29tik urriaren 1era ospatuko dute, Hernaniko Udal Liburutegiak eta Dobera Euskara Elkarteak antolatuta; eta «indarra eta benetakotasuna» izango du egitarauak, Rakel Gonzalez liburutegiko arduradunak nabarmendu zuenez. Atzo aurkeztu zuen, Doberako Nagore Zubiturrekin, Koro Etxeberria kultura zinegotziarekin eta Andoni Tolosa Morau musikariarekin batera. 

Biteri, Atsegindegi eta Chillida Leku izango ditu kokaleku jaialdiak, hiru emanaldi potolorekin, eta Hernaniko Liburu Azokarekin. Joseba Sarrionandiaren eta Ines Osinagaren Katuen kontuak emanaldiarekin emango diote hasiera programazioari, eta Hernanin estreinatuko dute. Areto txikietan eskaini duten Olatu arteko txalupa arraroa saioaren moldaketa da, areto haundietarako prestatu dutena; eta Sarrionandiak Habanan sortutako testuak ditu ardatz, Osinagak kantu bilakatu dituenak. Horien testuingurua azalduko du idazleak, emanaldian: «beste dimentsio bat hartzen dute kantuek horrela», dio Gonzalezek.

Dead dantza eta poesia ikuskizuna izango da bigarrena, irailaren 30ean, Lasala dantza konpainiaren eskutik, Puy Barral idazle gaztearen testuekin eta Judith Argomanizen koreografiarekin. «Emakumea, emakumeon erronkak eta bizitzako erabakiek duten eragina landuko dituzte emanaldian, besteak beste», azaldu du liburutegiko arduradunak. Kanadatik etorri berritan eskainiko du emanaldia Lasalak.

Eta urriaren 1ean, Chillida Lekun aurkeztuko dute Ardo disko liburua, Andoni Tolosa Morauk eta Beñardo Goietxek. «Poza ematen du, horrelako jaialdi batean parte hartu ahal izateak», adierazi du Morauk: «Ardok bete-betean egiten du bat jaialdiaren ikuspuntuarekin. Hitza, musika eta irudiak nahastu ditugu proiektu bakarrean. Bada poesia bilduma bat, bada poema horietatik eratorritako kantuen bilduma bat, eta bada, baita ere, horren inguruan Iñaki Martiarena Mattinek egindako argazki zoragarrien bilduma bat. Ardoa da aitzaki bat, munduaz eta jendeaz hitz egiteko. Hori guztia aurkeztuko dugu Chillida Lekun. Izango da emanaldi musikal bat, non literaturak ere edukiko duen bere lekua; eta ondoren, gozatu ahal izango dugu ardo pare batez, Mattinen irudiez inguratuta, erakusketan».

 

'Utzi azalari' liburuaren aurkezpena, azokan

Egun horretan bertan, Hernaniko Liburu Azokaren bigarren edizioa izango da, Doberak antolatuta, Atsegindegin. 12 argitaletxe edo ekoizlek hartuko dute parte, eta idazleak ere egongo dira postuetan, liburuak sinatzen. Postuak ez ezik, ekintza ugari ere izango dira bertan: ipuin kontaketa musikatua, hainbat libururen aurkezpenak, irakurraldiak, Beldurra ikuskizuna...

Azokan bertan aurkeztuko dute, hain juxtu, Ainara Azpiazu Axpiren Utzi azalari nobela grafikoa, Doberak labetik atera berritan. Arratsaldeko 18:15etan izango da hori, eta Axpik ez ezik, Jexux Eizagirre ideiaren sortzaileak eta Bryan Altimasberesek ere hartuko dute parte.

HITZ ANDANA

Sarrerak eta gonbidapenak: gaurtik aurrera, 'kultura.hernani.eus' webgunean edo Biterin.

 

IRAILAK 29, osteguna

'Katuen kontuak', berbak eta kantuak, Joseba Sarrionandiaren eta Ines Osinagaren eskutik. 19:30etan, Biterin. Doakoa, baina gonbidapena behar da.

IRAILAK 30, ostirala

'Dead' dantza eta poesia ikuskizuna, Lasala dantza konpainiaren eskutik. 19:30etan, Biterin. Sarrera: 8 euro.

URRIAK 1, larunbata

'Ardo', poesia, kantuak eta irudiak, Andoni Tolosa 'Morau' eta Beñardoren eskutik. 19:00etan, Chillida Lekun. Sarrera: 8 euro.

Hernaniko II. Liburu Azoka, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta. 11:00-14:30 eta 17:00-19:30 ordutegian,
Atsegindegin.

11:00, Azokaren irekiera eki­­taldia, eta Ezberdin bezain eder ipuin kontaketa musikala.

12:15, Liburu aurkezpenak: Osatadarraren musua (Markel Oiarzabal), Ganorexia (Iñaki Segurola, Garbiñe Larrea bere alargunak aurkeztuko du), eta Kardaberak zementuan (MIkel Arruabarrena).

13:45, Irakurraldiak, Imanol Kamio musikariaren laguntzaz.

17:00, Beldurra dantza eta poesia ikuskizuna.

18:15, Liburu aurkezpena: Utzi azalari, Ainara Azpiazu Axpirena. Parte hartuko dute Axpik, Jexux Eizagirrek eta Bryan Altimasberesek.

19:15, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien agurra, eta azokaren itxiera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!