Aurten ere 2022-2023 ikasturterako sormen tailerrak antolatu dira Pakita Studioan. Bertan adin ezberdinetako pertsonek sormenarekin esperimentatzeko aukera izango dute.
Izen ematea irailaren 23ra arte dago irekita eta pakitastudio.com web orrian eman daiteke bertako galdetegia beteta.
Sormen tailerrak adin ezberdinetako jendeari bideratuta daude, guztiak sorkuntza teknika ezberdinak esperimentatzeko planteaturik. Lau izango dira aurten sortu nahi diren taldeak: 7-10 urte bitarteko haurrena, 17 urtetik gorako gazte eta helduena, hirugarren adineko emakumeena eta 3-6 urte arteko haur eta hauen amena.
Izena emateko orduan, galdetegiko galderetako batean, saioak asteko zein egunetan egin nahi dituzten galdetzen da, horrela, behin izen ematea amaitzean, taldean gehien errepikatu den eguna aukeratuko da asteko saio egun bezala.
Sormen tailer batean izena eman nahi duen jendeak, baina adin tartean sartzen ez denak, harremanetan jarri daiteke estudioarekin eta adierazi zein tailerretan parte hartu nahiko lukeen eta zein adin duen, interesatuen arabera taldea osatzeko aukera egon daiteke eta.
Beraz, hor dago aukera, sormenarekin esperimentatu eta tarte goxo bat pasatzeko.