Kotxeen mekanikari bati kalte ordaina, biriketako minbiziagatik

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 00:00

Donostiako Epaitegiaren aginduz, 327.586,3 euro ordaindu beharko dizkiote Neumaticos Uriak, Finazautok eta Oiquina hegaztien hiltegiak.

Amiantoarekin lotutako epaiketa baten berri eman du Asviamiek, Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak; eta jakinarazi du, kotxeen mekanikari baten salaketa aintzat hartu duela Donostiako Epaitegiak, 2020an detektatu zioten biriketako adenokartzinoma lanetik eratorria dela aitortuz. Horrela, Francisco Xabier S.I. langileari 327.586,3 euroko kalte ordaina eman beharko diote Hernaniko Neumaticos Uria enpresak, Finazauto Serviciosek eta Oiquina hegaztien hiltegiak. Azkeneko bi enpresa horiek, desagertuta daude dagoeneko.

2020an detektatu zioten biriketako minbizia langileari, eta ezintasun absolutua aitortu zion Gizarte Segurantzak, laneko gaixotasunagatik, Osalanek amiantoarekin kontaktuan egon zitezkeen langileen zerrendan txertatu ondoren. Kotxeen mantenuan aritu zen lanean Francisco Xabier S.I., mekanikari gisa, 46 urtez: 1967tik 1982ra Finazauton, 1982tik 1988ra Oiquinan, eta 1988tik 2013ra Neumaticos Urian.

2020ko ekainean osatu zu­en txostena Osalanek, esanez amiantoa zeukaten materiale­kin kontaktuan egon izan zite­keela langilea, frenoen eta enbrageen ferodoak aldatzen; eta horrek askatutako fibrak arnas­tu zitzakeela, babes gailurik ga­be egiten zuelako lan. 

Salaketaren kontra azaldu zen Neumaticos Uria, argudiatuz enpresan ez zuela kontakturik izan amiantoarekin, eta segurtasun neurri guztiak bete zituztela. Adierazi zuen, gainera, gurpil aldaketak bakarrik egiten zituela langileak, 2002 urtera arte; eta lan mekanikoak hasi zirenean, amiantoa debekatuta eta desagertuta zegoela. Zentzu horretan, nabarmendu zuen salaketak kalte egiten diola, beste bi enpresak desagertuta daudelako; eta absoluzioa eskatu zuen, langilea erretzailea izan zelako eta gehiegizkoa zelako eskatzen zuen kalte ordaina.

Lekukoen frogek berretsi egin zuten langileak gurpilen alineazioa eta muntaketa, eta motorren, frenoen eta enbrageen konponketa egiten zuela Neumaticos Urian, Osalanek zehaztu bezala; eta 2002an amiantoa debekatu izanak, ez duela esan nahi desagertu denik.

 

Prebentzio plan zorrotzak ezartzeko eskaera, Asviamiek

Sententziarekin pozik agertu da Asviamie, eta enpresei eta beraien Prebentzio Zerbitzuei eskatu die, «prebentzio plan zorrotzak» ezarri ditzatela, minbizia eragiten duten substantzien harira. «Ez diezaiotela ez ikusia egin arriskuari, ixiltasunean 10 bider sufrimendu haundiagoa eta heriotza gehiago eragiten baitute, laneko istripuek baino».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!