'Bar Gloria' argitaratu du Nerea Ibarzabalek, bere estreinako nobela

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 00:00
Nerea Ibarzabal, Leire Lopez editorearekin batera, liburuaren aurkezpenean.

Hernanin bizi den bertsolariak aurreko astean aurkeztu zuen liburua, Susa argitaletxearekin.

Bar Gloria liburua argitaratu berri du Nerea Ibarzabal Salegik, Hernanin bizi den bertsolari, idazle eta kazetari markina-xemeindarrak. Bere estreinako nobela du Ibarzabalek, eta aurreko astean aurkeztu zuen, Susa argitaletxearen eskutik, Donostian. 

Gloria taberna dauka erdigune nobelak, eta Ana, Rakel eta Migel dira protagonista nagusiak. Baserritik herri industrial batera mugitu eta Gloria taberna daramakien familiako alabak dira Ana eta Rakel, eta Espainiatik etorritako familia bateko semea da Migel, ia umetatik tabernan lan egin duena. Taberna itxi eta garbiketa lanak bukatuta, mahaiaren bueltan elkartzen dira hirurak, «egunaren zurrunbiloa apalduta, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko».

«Bizimodu aldaketa erradikal batera presaka egokitu behar izan dutenen istorio bat» jasotzen du liburuak. Taberna bera, istorioaren kokalekua, deskribatu zuen Ibarzabalek aurkezpen ekitaldian: «Sarrerako atearen gainean disekatutako idi buru bat dago zintzilik, eta bere begietatik erreka bazterreko taberna haundi bat ikusten da, herriaren erdigunean kokatua, tren geltokitik gertu. Taberna fabriketako langilez betetzen da goizean goizetik, eta berandu arte egoten da zabalik. Mostradore altu bat eta jantoki argitsu bat dauzka. Jendea sukalderaino sartzen da, eta zaraten eta usainen anabasa horretan, pertsonaiei oharkabean igarotzen zaie denbora».

Bertara, «denboraren ate ezberdinetatik» sartuko da irakurlea, eta «konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!