Garaipena bailarako taldeek, Ohorezko Erregional mailan eta Gorengoenean, Ligako estreinako partiduan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 00:00
Hernani Relaren aurkako norgehiagokan, joan den igandean, Zubipen.

Preferentean, Mundarrok 1-4 garaitu zuen Sanpedrotarra. Ohorezko Erregional mailan, Hernaniko nesken taldeak 0-5eko garaipena lortu zuen Amaikak Bat-en kontra. Mutilen taldeak 3-0eko porrota jaso zuen Antzuolan.

Aurtengo denboraldiko lehenengo jardunaldia izan zuten joan den asteburuan, bailarako zenbait taldek. Ohorezko Erregional mailan, Aritz Lujanbiok zuzendutako taldeak Mutrikuko San Miguel zelaian jokatu zuten estreinako norgehiagoka, Amaikak Bat-Mutrikuren aurka. Gorengoen mailan, berriz, Mundarrok Sanpedrotarrak izan zuen aurkari, Trintxer zelaian. Gainera, Hernanik Hondarribia izan zuen aurrez aurre, Zubipen. 

Emaitza borobilak lortu dituzte bi talde nagusiek, eta txapelketako lehenengo hiru puntuak batu dituzte sailkapenean. Ohorezko Erregional mailan, hernaniarrek 0-5eko emaitza izan zuten, Lorearen bina golekin, eta Cesiaren, Enireren eta Emilyren golekin.

Bere aldetik, Erregional Preferentean, Mundarro bikain aritu zen Sanpedrotarraken aurka. Astigartarrek larunbatean jokatu zuten norgehiagoka, eta 1-4 itxi zen markagailua moreen alde. Partiduaren hasiera nahiko parekatua izan zen, eta bi taldeek sendo defendatu zituzten hasierako minutuak. Hala ere, topaketak aurrera egin ahala, etxekoak eroso kokatu ziren zelaian eta, ondorioz, lortu zuten gol aukerak izatea. Nolanahi ere, horma sendoa topatu zuten Astigarragako porterian. Izan ere, atezainak bi geldiketa egin zituen, aurkarien golak ekidinez. Martxa hori hartuta, lehenengo zatiko bigarren erdian heldu zen moreen lehenengo gola, Xabiren burukada baten ostean. Gero, talde osoaren jokaldi borobil bati esker, Prietok bigarrena egin zuen.

Bigarren zatia erdipurdi hasi bazuten ere, partidua amaitzeko hamar minuturen faltan, zuzeneko falta batean, Marcosek hirugarrena sartu zuen. Segidan, Sanpedrotarrak lehenengo gola sartu zuten, baina Mundarrok gogor heldu zion garaipenaren goseari, eta Mateosek sartu zuen laugarren eta azken gola. 

Erregional Preferente mailarekin jarraituta, hernaniarrek Hondarribiaren aurka neurtu zituzten indarrak. 1-0 amaitu zen partidua, eta mutilek garaipena lortu zuten Ander Gonzalezen golarekin. 

Bestalde, bailarako beste zenbait taldek ere jokatu zituzten ligako partiduak asteburuan, eta denetariko emaitzak bildu dituzte. Talde nagusiei begira, Ohorezko Erregional mailan, Unai Munduateren taldeak 0-3 galdu zuen Aloña Mendiren kontrako lehia. Jubenilen Ohorezko mailan, Hernanik 0-2 galdu zuen Zubipen, Realaren aurkako partidua. 

Olatz Santana Anoetan, gaur, Realarekin

Realak Bayern Munchen izango du aurkari gaur, Anoetan, arratsaldeko 19:00etan, Txapeldunen Ligako multzoen fasearen aurreko azken kanporaketan. Hantxe izango da Olatz Santana hernaniarra, txuri-urdin koloreak defendatzen. Atezaina lehenengo taldean ari da aurtengo denboraldian ere, eta aurredenboraldiko zenbait norgehiagoka jokatzeko aukera izan du, maila bikaina erakutsita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!