Eva Esnaolak Munduko Errekorra lortu du

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 00:00

60 urtetik gorako mailan 24 ordutan 216,455 kilometro osatu zituen Veronako Europako txapelketan.

Eva Esnaola hernaniarrak hainbat mugarri puskatu ditu asteburuan Veronan (Italia). Espainiako selekzio absolutuarekin eta 61 urterekin parte hartu du Europako Txapelketan absolutuan, 24 orduko txapelketan. Txapelketa absolutu batean parte hartu duen zaharrena bihurtu da Espainiako selekzioarekin. Mugarri hori Jesus Ángel García Bragadok zuen Tokioko Jokoetan 51 urterekin parte hartu eta gero. Azaroan beteko ditu 62 urte Esnaolak.

Bigarren mugarria Munduko errekorra lortzea izan da, 24 ordutan, 60 urtetik gorako mailan. 216 kilometro eta 455 metro osatu zituen ordu guzti horietan. 1.526 metroko zirkuitu batean bueltaka aritu ziren lasterkariak eta Esnaola taldeko lehendabizikoa izan zen Isabel Sandoval eta Alicia Antonen aurretik.  Marka berria eta apurtzen zaila izango dena. Gainera, sailkapen orokorrean 26garren postuan amaitu zuen dezente gazteagoak diren aurkarien aurka. 55-59 urte arteko marka ere berea da 217,811 kilometrorekin ete bere markarik onena 2012koa da, Katowicen, 218,172 km.

Europako Txapelketa berean, Sorokin lituaniarrak Munduko Errekorra lortu du maila absolutuan 318 kilometro eta 825 metrorekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!