Urumea ikastola zaharreko eraikina itxi zuen atzo, Hernaniko Udalak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 17a, 00:00

Laister eraikina eraisteko lanei hasiera emango zaiela jakinarazi du Udalak.

Udaren hasieran eraikinaren inguruan segurtasuna bermatzeko, egitura bat jartzeko agindua eman zuen Udalak, baina atzo, itxi egin zuten. 

«Jakina da, Urumea eraikinean pertsona batzuk bizitzen egon direla. Denbora guzti horretan Zerbitzu Sozialetatik jarraipen berezia egin zaie, Harrerako Sareko kideekin batera» azaldu du Hernaniko Udalak. 

Laister eraikina eraisteko lanei ekingo zitzaiela jakinda, uda hasieran, Harrera Sarekoekin batera, bilera egin zuen Udalak pertsona horiekin eta bakoitzaren egoerara egokitutako planifikazio bat adostu zela ziurtatu du Udalak: «hori betetzen ari dira inplikatutako guztiak eta pixkanaka-pixkanaka pertsona hauek Urumeatik atera eta beste baliabide batzuetara bideratuta daude». 

Horrez gain, Udalak dio, epe batean eraikinean bertan egon den Urumea Herrigunearekin, bilera egin zutela udal gobernuko ordezkariek: «egoeraren berri eman zitzaien eta adostu egin zen eraikina uztea ezinbestekoa zela».

Azken egunetan, Udala harrituta agertu da, izan ere, «adostutako prozesu horretatik kanpoko pertsona gehiago sartu dira eraikinean eta elkarbizitza arazoak sortu dira. Harrera Sarearekin batera, barruan zeuden pertsona guzti horiei eraikina hustu behar dela jakinarazi zaie aste honetan, eraikina lehenbailehen itxi egin behar delako». 

Eraikina ixteko lanak atzo hasi ziren, eta jarraipenean zeuden pertsonei Zerbitzu Sozialetatik baliabideak eskaini zaizkiela ere nabarmendu du Hernaniko Udalak: «Harrera Sarekoekin koordinatuta, gainontzekoei ere laguntza eman zaie». 

Amaitzeko, Udalak dio, Urumea Herrigunearekin adostu dela eraikinean daukaten materiala atera ahal izateko erraztasunak jarriko dituztela. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!