Burrunba taldea sortu dute Hernaniko gazteek, herriko euskeraren erabilerarekin kezkatuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 17a, 00:00

Burrunba gazte euskaltzaleen taldeko bi kide, aurkezpenerako pankarta bat jartzen, Tilosetako kioskoan.

Hernaniko gazte euskaltzaleen taldea da, eta udan zehar pegatinak jarri dituzte kalean, herriko euskeraren erabilera islatzen zuten pila erdi hutsekin. «Noiz onartuko dugu Hernaniko euskeraren egoera ez dela uste bezain ona?».

Arreta erakarri dute udan zehar, Hernaniko kaleetan, pila edo bateria erdi hutsak zeuzkaten pegatinek. Zeinek jarritakoak ote, pegatina horiek? Argitu dute misterioa, eta baita irudikatzen dutena ere. Burrunba izeneko talde berriak jarri zituen: Hernaniko gazte euskaltzaleen taldeak. «Ia hutsik dagoen pila hori, %30ean besterik ez dagoen hori, gure herriko euskeraren erabilera da», azaldu dute.

Atzo aurkeztu zuten Burrunba taldea jendaurrean, Tilosetan; eta nabarmendu zuten «kezkatuta» daudela, herriko euskeraren erabilerarekin: «agian zuetako batzuk harrituko zaituzte zenbaki horrek, kanpotik jasotzen den pertzepzioa ez baita hain baxua izaten; baina zenbakiek errealitatea islatzen dute, eta hernaniarrok ez gaude oso leku onean, gure hizkuntzari dagokionez. Beraz, bai, kezkatuta gaude».

 

«Kaleko erabilerak behera egiten jarraitzen du, eta gu ez gara salbuespena»

Burrunbak nabarmendu du, kanpoko pertzepzio horrek ez duela bat egiten benetako erabilerarekin, eta errealitateari begietara begiratzeko deia egin du: «euskeraren biziberritzeak urteak daramazkien arren, kaleko erabilerak behera egiten jarraitzen du, ia Euskal Herri osoan. Eta gu ez gara salbuespena. Noiz onartuko dugu Hernaniko euskeraren egoera ez dela uste bezain ona?».

Hori horrela, ezagutzaren eta erabileraren arteko talkari egin dio erreferentzia: «badakigu instituzionalki bermatua daukagula euskeraz ikastea, baina... Errealitatea asko aldatzen da eskoletatik kalera jauzi egiten dugunean. Jakitea eta egitea ez baita berdina, eta horregatik bildu gara gu hemen. Euskeraren egoerarekin kezkatuta dagoen gazte taldea gara, egoera hobetzeko eta iraultzeko helburu garbia duena».

Helburua, «ameslaria eta utopikoa» izanagatik ere, garbi daukate: «Hernani herri euskalduna izatea nahi dugu, euskeraren erabilera %100era irits dadin. Horretarako, zuengana jotzen dugu, gazteon artean kontzientzia piztu eta gure hizkuntzaren erabileran eragiteko asmoa baitaukagu».

 

«Badugu garaia gure buruari galdetzeko, euskeraz bizi nahi ote dugun»

Aurrerago, herriko espazio ezberdinetara iritsi nahi dute, eremu pribatuetara, taberna edota komertzioetara adibidez. «Baina aurreneko urratsa zuengana jotzea da», azpimarratu dute: «Badugu garaia gure buruari galdetzeko, ea Hernani euskalduna den, eta euskeraz bizi nahi ote dugun. Guk argi daukagu baiezkoa dela gure erantzuna, eta zurea ere halaxe bada, gurekin Burrunba egitera gonbidatu nahi zaitugu!».

Duela hilabete batzuk bildu zen taldea aurrenekoz, «konturatu ginenean kezka berdinak genituela». Horien inguruan hausnartzeko hasi ziren bilerak egiten, ideiak ordenatzen, eta beraien artean antolatzen. Eta aurreratu dute, «herrian dauden hutsuneak» aztertuko dituztela, hasteko. Hortik abiatuta, taldearen asmoa da «aisialdia eta kalea hartuko duen euskerazko eskaintza erakargarri bat egitea». Zentzu horretan, aitortu dute badakitela ez dela lan erraza izango, «baina gure txanda iritsi dela uste dugu. Gaiari heltzeko ordua heldu zaigu, gazteok lan egiteko ordua da. Kalean behar dugu euskeraren presentzia», nabarmendu dute.

Horregatik, taldera batzeko gonbidapena luzatu dute: «Egoerarekin haserre, urduri edota ukituta dagoen edonor ongietorria izango da gurera, ideiak botatzeko, antolatzeko edo hausnartzeko. Gazteok euskeraz harremandu gaitezen, espazioak behar ditugu, eta egitarau interesgarri eta erakargarriak».

Horretarako konpromezua hartu du taldeak, eta adierazi du «burrunba sortzera eta egitera» datorrela. Bertso ezagun baten azkeneko esaldia ere ekarri dute gogora: «Maialen Lujanbiok esan bezala, Herri hau sortzen segi dezagun, euskaratik ta euskaraz».

Bilera irekia, datorren ostiralean Biterin

Taldera gerturatzeko deia luzatu diete, herriko euskeraren erabilerarekin kezkatuta dauden guztiei. Eta horretarako, jarri dute hurrengo hitzordua: bilera irekia egingo dute datorren ostiralean, irailaren 23an, Biteri kultur etxean. Arratsaldeko 18:30etan izango da, eta bertaratzeko deia luzatu diete, interesa duten guztiei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!