Euskal giroak eta baserriko lanek hartuko dute Hernaniko erdigunea, beste urte batez

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 17a, 00:00
Txakolin dastaketa izango da aurten ere, Santa Barbara elkartearen atarian.

Ohiko egitarau potoloarekin ospatuko dituzte Euskal Jaiak, asteburu honetan. Abeltzain eta baserritarren azoka jarriko dute gaur, eta baserriko lanbideen erakustaldia zein antzinako jokoak ere izango dira, besteak beste. Bertso jaialdiak eta musikak ere ez dute hutsik egingo.

Bueltan dira Euskal Jaiak Hernanin, eta asteburu osoan ospatuko dituzte, atzoko beroketaren ondoren: Luze edo motz ikuskizun umoretsua eskaini zuten Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik, iluntzean Biterin. Baina Euskal Jaiek, ohi bezala, ez bata eta ez bestea: ez dute luze joko, baina motz ere ez dira geratuko. Izan ere, ohiko egitarau potoloa prestatu dute astebururako, eta euskal giroak eta baserriko lanek hartuko dute herriko erdigunea.

Abeltzain eta baserritarren azokak emango dio hasiera festari, gaurkoan. Goizeko 10:00etatik aurrera egongo da ikusgai, Tilosetan. Hori izango da gune nagusietako bat, Euskal Jaietan; eta ia uneoro izango dira ekintzak bertan. Gaur goizean izango dira, esaterako, baserriko lanbideen erakustaldia, antzinako jokoak, eta herri kirolak.

Bitartean, kalejirarik ez da faltako Kaxkoan barrena. Hasteko, Musika Eskolako trikitilari eta akordeoilariak aterako dira kalera, goizeko 11:00etan, txoko guztiak musikaz alaitzera. Ondoren, eguerdian, Kalez Kale Kantariko kideek hartuko dute erreleboa, Plaza Berritik abiatuta, geldialdiz geldialdi denak ingurukoak kantuan jartzeko. Eta segidan, erraldoi eta buruhaundien konpartsa ere aterako da kalera, 12:30etan.

 

Gozategiren kontzertua, bere 30garren urteurrenean

Arratsaldean segiko du festak, Tilosetan, haurrentzako tailer eta jolasekin; eta maila haundiko bertso jaialdia izango da ondoren, Biteri plazan, 18:00etan hasita: Oihana Iguaran, Alaia Martin, Andoni Mujika eta Agin Laburu ariko dira bertsotan, Iker Ormazabal Tturkok jarritako gaiei tiraka. Musikaren inguruan bilduko dira herritarrak gero, udaletxeko arkupeetan, Musika Bandak 19:30etan eskainiko duen kontzertuarekin. Berezia izango da emanaldia, estreinako aldiz zuzenduko baitu Musika Banda Bittor Karrera hernaniar gazteak. 

Ez du etenik izango musikak, goizaldeko ordu txikietara arte. Zuttik elektrotxaranga aterako da kalera aurrena, eta Gozategik hartuko du erreleboa ondoren: bere 30garren urteurrenean, beste behin jarriko ditu hernaniarrak dantzan, Plazan, 23:00etatik aurrera.

 

Sagarraren eta sagardoaren eguna, biharkoa

Gaurko eguna luzatuta ere, ez da apala izango biharkoa, Euskal Jaietan. Dianaren ondoren, Tilosetaren eta Plazaren arteko eremuan mugituko da festa. Tilosetan, beste azoka bat izango da ikusgai bihar: 41garren edizioa izango du Pablo Lasa Artisau Azokak. Eta esku pelota eta pala partiduak ere jokatuko dituzte bertan. Plazan, berriz, beste bi hitzordu potolo: sagardo dastaketa aurrena, eta XXIV. Trikitixa Txapelketa ondoren.

Eta aurtengo Euskal Jaiak borobiltzeko, dantzak hartuko du protagonismoa, bihar arratsaldean. Aurrena, herritarrak ariko dira dantzan, Jeiki Hadik gidatutako erromeriaren eskutik, 18:00etatik aurrera Plaza Berrin. Eta ondoren, Dantzaz konpainiaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, 20:00etan Tilosetara gerturatzen direnek: Gesala emanaldia eskainiko dute, tradizioei eta garapenari buruzkoa, genero ikuspegitik landuta. Getaria dauka inspirazio-iturri, eta Gil Harushena da koreografia, Beñat Gerekaren ideiatik abiatuta.

 

Herriko eragileen arteko elkarlana, indargune

Egitarau zabala prestatu dute aurtengo Euskal Jaietan ere, eta horretarako, elkarlana izan da gakoa, beste behin. Izan ere, herriko elkarte eta eragile askok hartu dute parte, egun hauetako ekintzen antolakuntzan: Santa Barbara elkartea, San Joan Konpartsa, Kaxkoko auzo elkartea, Hernaniko Musika Banda, Hernaniko sagardogileak, CD Hernaniko pelota saila, Antzinako Jokoak Taldea, Hernani Musika Eskola Publikoa, Kantuz abesbatza, Herburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Hernaniko Bertso Eskola, Herrilur kontsumo elkartea eta Hernaniko Udala.

 

EUSKAL JAIAK 2022

EGITARAUA

GAUR, larunbata

10:00, Abeltzain eta baserritarren azoka, Tilosetan.

11:00, Baserriko lanbideen erakustaldia, Tilosetan.

11:00, Musika Eskolako trikitilari eta akordeoilariak, kalez kale.

11:30, Antzinako jokoak, Tilosetan.

12:00, Txakolin dastaketa, Iturriaga kalean.

12:00, Kalez Kale Kantari, Plaza Berritik abiatuta.

12:30, Erraldoi eta buruhaundiak.

12:30, Herri kirolak, Tilosetan.

16:30, Haurrentzako tailerrak, jolasak eta txokolate jatea, Tilosetan.

18:00, Bertso jaialdia, Biterin: Oihana Iguaran, Alaia Martin, Andoni Mujika eta Agin Laburu. Gai-jartzailea: Iker Ormazabal 'Tturko'.

19:30, Musika Bandaren kontzertua, udaletxeko arkupeetan.

20:00, Zuttik elektrotxaranga, kaleetan barrena.

23:00, Gozategirekin dantzaldia, Plazan.

BIHAR, igandea

09:00, Diana.

10:00, XLI. Pablo Lasa Artisau Azoka, Tilosetan.

11:00, Sagardo dastaketa, Plazan.

12:00, XXIV. Trikitixa Txapelketa, Plazan.

12:00, Esku pelota eta pala partiduak, Tilosetan.

18:00, Erromeria Jaiki Hadi taldearekin, Plaza Berrin.

20:00, Dantzaz konpainiaren 'Gesala' dantza ikuskizuna, Tilosetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!