EAJren bizikleten kaiolaren inguruko oharrari argibideak, EH Bilduk

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 16a, 00:00

«Udalak, parte hartze prozesuan erabakitakoa bete du»

2020ko Udal aurrekontuan txertatzeko proposamenen artean, bizikleta kaiolarena zegoela nabarmendu du Udal gobernu taldeak. 

EH Bilduk, EAJk bizikleten kaiolaren inguruko oharrari buruzko hainbat argibide eman nahi izan ditu. Adierazi du, 2019an partaidetzazko aurrekontuen prozesuan herritarrek erabakitako proposamena izan zela honakoa: «auzoen eta erdigunearen arteko mugikortasuna errazteko, bizikletak gordetzeko kaiola itxiak jartzea». Eta proposamen honek, 33.440 euroko aurrekontua zuen: «prozesu horretan gainera, 1.200 hernaniarrek eman zuten bozka. 

2020ko udal aurrekontuan txertatzeko 11 proposamen erabaki zituzten herritarrek, eta EH Bilduk argi adierazi du, horien artean dagoela bizikleten kaiolarena: «lizitazioa atera zen, eta 27.346 eurorengatik esleitu zitzaion, Intelligent Parking SL enpresari. 

Udal gobernuak dio, Erabaki Hernani partaidetzako aurrekontuen egitasmoa, 6 urtez egin dela Hernanin: «Udal aurrekontuaren 500.000 euroko partida bideratu izan du urtero Udalak, herritarrek parte hartze prozesu baten bitartez nahi zuten egitasmoak aukeratu eta horretan inbertitzeko. Eta parte hartzeko prozesu horren emaitza onartzeko konpromisoa hartu izan dute udal talde guztiek. 

Beraz, EH Bilduk azpimarratu du, bizikleten kaiolarena ez dela alderdi baten proposamena, ezta udal gobernuarena: «Udal talde politiko guztien oniritzia izan duen herritarren partaidetza prozesu batean erabakitakoa da, eta nola ez, Udal gobernuak parte hartze prozesuan erabakitakoa bete du», eta nabarmendu du, proposamen batzuen exekuzioa nahi baino luzeago joaten dela, baina proposamen guztiak betetzeko konpromisoa hartu zuela Udalak, eta «horri eusten diogu».

 
«Euskal Herrian ere badira estalitako aparkalekuak»

Bide batez, EH Bilduk, ondokoa gogorarazi nahi dio alderdi jeltzaleari: «Herbeereetara joan beharrik gabe, Euskal Herrian ere badira estalitako aparkalekuak bizikletentzat, Gasteizen, Donostian eta Iruñean esaterako. Eta dirua xahutzea dela esatea ere norberak dituen lehentasunen kontua da. Bestela begiratu ditzagun kotxeentzat egiten diren estalitako aparkalekuen prezioak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!