Gaurko 'Luze edo motz' umorezko ikuskizuna, Euskal Jaien iragarle

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 16a, 00:00

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai izango dira gaurkoan, Biterin.

Bihar gaueko 23:00etan hasiko da Gozategiren kontzertua, Gudarien Plazan.

Ekintzez betetako asteburua dator Hernanira; izan ere, Euskal Jaiak dira, eta gaurtik hasiko dira festa giroan murgiltzen, herritarrak, igandera arte. Gaur arratsaldeko 20:30etan, Biteriko oholtzara igoko dira, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileak. Bakean dagoena bakean utzi emanaldiaren haritik jarraituz, ikuskizun honetan, generoa hartuko dute umoregai, «gure gizartea zertan geratzen den luze eta zertan geratzen den motz galdetzeko». Hori guztia igoko dute oholtzara, eta horretarako, hilerokoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexua ere izango dituzte hizpide, besteak beste. 

 

Bihar «jantzi euskal jantziak»

Bihar goizetik hasiko dira eguneko jarduerak, eta gauera arte, ez dute aspertzeko tarterik izango herritarrek. Abeltzain eta baserritarren azokak Ezkiaga pasealekua apainduko du, goizeko 10:00etatik aurrera, eta 11:00etarako, baserriko landabideen erakustaldia ere antolatu da. Halaber, goizean, nekazari eta abeltzainen produktuak erosteko postuak ere jarriko dituzte, gindilak eta sagardoa dastatzeko parada eskainiz herritarrei.  Trikitilariak eta akordeoilariak ez dira faltako, kalez kale ibiliko baitira, jai giroa indartzen. Horrez gain, eguerdira arte, makina bat jarduera egingo dira, hala nola, antzinako jokoak Tilosetan, txakolin dastatzea Iturriaga kalean, Kalez kale kantari Plaza Berritik hasita, eta herri kirolak, Tilosetan.

Arratsaldean, haurrentzako tailerrek hartuko dute lekukoa, eta tailerrekin batera, jolasak eta txokolate jatea ere antolatu dira. Arratsaldeko 18:00etan, bertso jaialdiak hartuko du nagusitasuna Biterin, eta mikrofonoa lagun izango dute, Oihana Iguaranek, Alaia Martinek, Andoni Mujikak eta Agin Laburuk. Gai jartzailea Iker Ormazabal Tturko izango da. Jarraian, Hernaniko Musika Bandaren kontzertua entzuteko parada ere izango dute herritarrek, udaletxeko arkupeetan. Eta eguna amaitzen joateko, Zuttik elektrotxarangak kaleak zeharkatuko ditu, eta egunari amaiera emango dio Gozategiren kontzertuak.

Euskal jai giroan murgiltzeko, euskal jantziak jazteko gonbitea helarazi dute antolatzaileek.k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!