Bizikleta martxa antolatu da etzirako, Mugikortasun Astea berotzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 15a, 00:00

Bizikleta martxan, ume zein heldu asko biltzen da.

Bi buelta emango dira, 12 kilometro osatuz eta goizeko 10:00etan Urbietatik, Adarraga paretik, irtenda.

Larunbata honetan, irailaren 17an, bizikleta martxa antolatu du Hernaniko Udalak JOCC-Zikuñako Ama txirrindulari taldearekin batera, datorren asteko Mugikortasun Astearen preludio bezala. Hernaniko bidegorri sarea erabiliko da eta bi egingo dira, guztira 12 kilometro.

Goizeko 10:00etan hasiko da martxa Urbieta kalean, Adarraga gozotegiaren parean. Lehenengo buelta Zinkoenean amaituko da eta bigarren buelta Zinkoeneatik hasi eta Urbieta kalean amaituko da, hasiera puntuan, alegia. Adin guztietako pertsonei zuzenduta dago bizikleta martxa, ume zein heldu elkarrekin egiteko ibilbidea.

Mugikortasun Astean bizikleta eta patin ikastaroak eskainiko dira eta izena eman behar da

Urtero moduan, mugikortasun jasangarria sustatzeko, Mugikortasun Astea antolatzen ari da buru-belarri Hernaniko Udala. Hori dela eta, zenbait ekitaldi izango dira irailaren 19tik 23ra bitartean, eta antolatutako ekitaldi batzuetan, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Bizikletan ibiltzen ikasteko edota trebezia berreskuratzeko ikastaroak eskainiko dira. Ikastaro bat, astelehenean eta asteazkenean eskainiko da, arratsaldeko 16:30etatik 18:00etara. Beste ikastaroa, ordea, asteartean eta ostegunean, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara izango da. Eguraldi ona eginez gero Floridako Politena parkean izango da ikastaroa eta euria eginez gero, Urumea ikastolan.

Bizikletan ibiltzeko tailerraz gain, oinarrizko mekanika bizikleta konponketa ere eskainiko du Kalapie elkarteak ostiralean Atsegindegin 16:00etatik 20:00etara. Tailerreko azalpenak emateko, antolatzaileek beraien bizikleta bat eramango dute: «ez dute bizikletarik konponduko, baina zalantzak argitu eta galderak egiteko aukera izango da». Bizikleta ikastaroan edo oinarrizko mekanika bizikleta konpontzeko ikastaroan izena emateko, telefono hauetara deitu 943 45 15 11 edo 629 271 481, edota kalapie@kalapie.org helbidera idatzi.

Patin ikastaroa ere antolatu da. Hiru eguneko ikastaroa izango da, eta ume zein helduei zuzenduta dago: «maila guztietako erabiltzaileei, jakin edo ez jakin patinetan ibiltzen». Astelehenean eta asteazkenean 18:00etatik 19:30etara izango da eta asteartean 16:30etatik 18:00etara. Eguraldi ona eginez gero Floridako Politena parkean izango da ikastaroa eta euria eginez gero, Urumea ikastolan.  Izena emateko deitu 943 33 70 31ra edo idatzi ingurumena@hernani.eus helbidera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!