Ekhi moneta erabiltzeko aukera, gaurtik aurrera, hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 15a, 00:00

Udaletxean aurkeztu zuten atzo kanpaina.

Kanpainak bi hilabeteko iraupena izango du; gaurtik  azaroaren 15era arte edo kreditua agortu arte. Horretarako, Udalak 30.000 euro bideratuko ditu. Helburua da Ekhilur sistemaren erabilera sustatzea eta ezagutzeko aukera erraztea.

Ekhi moneta gaurtik aurrera errealitate bat izango da Hernanin eta herritarrak erabili dezakete, bi hilabeteko kanpaina martxan jarri eta gero. Horretarako bide ezberdinak daude, baina derrigorrezkoa da www.ekhilur.eus webgunean alta ematea edota aplikazioa jaistea mugikorrera. Aurkezpen ekitaldia udaletxean egin zen atzo eta bertan azalpenak ematen izan ziren: Ekhilurreko Alex Lopez; Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea; Patxi Ibarguren Tokiko garapenaren, merkataritzaren eta turismoaren delegazio zinegotzia; eta Mertxe Jimenez Berriak elkarteko arduraduna.

Lankidetzan eta Hernani Burujabe proiektuaren barruan kokatzen da Ekhi monetaren plazaratzea. «Merkataritzari buelta bat emateko metodo berriak jarri behar ziren martxan. Kanpaina eta festa desberdinak antolatu dira, baina Ekhilurren Ekhi moneta edo ordaintzeko sistema ere ezagutu genuen», azaldu zuen Lertxundi alkateak. 

«Oso inportantea da bertan, bertako merkatariek egiten duzuen lana horren buelta Hernanin bertan geratzeko eta argi ikusi zuen Hernaniko Udalak, Berriakekin batera parte hartu behar zuela proiektu pilotu honetan, Bilboko zazpi kaleekin batera», argitu zuen alkateak eta horren baitan sortu da proiektu hau. 

Proiektua ezagutzera eman eta gero orain beste pauso bat eman da eta jendeari izenematera animatu nahi da, hau da, kanpainan parte hartzea. Gaur bertan hasiko da eta bonifikazio kanpaina ere izango da, bertako merkataritzan kontsumitzeko hobariak izan ditzaten herritarrek. 

Patxi Ibargurenek azaldu zuen kanpainaren nondik norakoa. «Helburua da Ekhilur sistema sustatzea. Herritarrek, saltokiek eta enpresek aukera izango dute bi hilabete hauetan ordaintze sistema berri honen funtzionamendua. Lehenengo egun hauetan hasiko gara probatzen aplikazioaren eta salerosketen funtzionamendua mugimenduan».

 

Ekhilurren izena ematen duenak 50 euroko errekargua egin beharko du eta 20 euro gehituko dizkio Udalak

Kanpainak bi hilabeteko iraupena izango du, azaroaren 15era arte, edo kreditua agortu arteko epea. Udalak kanpaina honetara 30.000 euro bideratuko ditu. «Ekhilurren izena ematen duen herritar bakoitzak errekargua egingo du webgunean eta 50 eurokoa izan behar du. Errekargu horri Udalak 20 euro gehituko dizkio ekhietan. Horrez gain, herritar bakoitzak erosten duenean gastu horren %10a bere gain hartuko du Udalak», azaldu zuen Patxi Ibargurenek. 

Lehenengo urtean erabiltzaile guztiak Udalak abalatuko ditu eta ez da bazkidetza kuotarik ordaindu beharko. «Momentu honetan 60 establezimenduk eman dute izena Ekhilur sarean eta gaur bertan gehitzen ari da sare hori».

 

«Clickoin aplikazioaren erabilera oso erraza da»

Ekhilurreko Alex Lopezek Ekhi ordaintze sistemako aplikazioaren funtzionamendua azaldu zuen eta zalantzak argitzeko bulego bat egongo dela Kale Nagusiko 50 zenbakian gogoratu zuen. «Oso erraza da Clickoin aplikazioaren erabilera. Erabiltzaile izena eta pasahitza sartu beharko dira eta behin sartuta topatuko dugu egin diren mugimenduak, egin baditugu, ordainketa bezala eta jaso badugu, Byzumen hantzeko erabilera du». Menu bat dago eta menu horretan mapa bat ere aurkitu dezakegu Ekhi ordainketa sistema erabiltzen duten denda guztien lokalizazio eta datuekin. «Ordainketak egiteko aukera ere segitun ikusi daiteke».

Ekhi Hernaniko tokiko moneta da, sareko kideen arteko ordainketak dendetakoak edota norbanakoen artekoak- zirkuitu itxi batean egitea ahalbidetzen duena. Horrela, Ekhietan gastatzen dugun dirua, hernaniarron dirua, herriko ekonomiaren barruan gelditzen da. Salerosketak Clickoin aplikazioaren bidez egiten dira.

Parte hartzeko ondorengo pausoak eman behar dira. Clickoin App-a deskargatu behar da eta erabiltzailea sortu. Ondoren dokumentazioa igo eta kontua aktibatu behar da. Ekhilur.eus webgunean ere alta eman daiteke eta 50 euro kargatu zure kreditu txartela erabiliz. 

Informazio gehiago eta izena emateko laguntza Ekhilur bulegoan lortu daiteke irailean zehar astelehenetik ostiralera 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara Ohiko ordutegia urtean zehar astelehenetik ostiralera izango da 09:30etatik 13:00etara.

Berriak elkarteko Mertxe Jimenezek sistema berri honen aldeko elkartearen apustua azpimarratu zuen. «Herrian egingo den gastu guztia berriz ere herrian izango du eragina. Aberastasuna sortuko du, ez bakarrik negozio guneetan, baizik eta herrian bertan maila sozialean. Erraminta berri honekin denak irtengo gara irabazten. Horregatik animatu nahi ditugu Hernaniko merkatari eta komertzio guztiak parte hartzera, Berriakeko parte izan edo ez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!