Euskal Jaietaz gozatzea Hernanin, asteburuan, uda amaitzeko plan ederra

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 14a, 00:00

Bertsolariak Biteriko plazara bueltatuko dira larunbatean.

Etzi 'Luze eta motz' ikuskizunak emango dio hasiera festari, 20:30etan Biterin. Larunbatean eta igandean hainbat azoka, ekitaldi eta erakusketa izango dira Tilosetan eta Kaxkoan zehar herritarren gozamenerako.

Euskal Jaiak Hernanin ostiraletik igandera bitarte ospatuko dira beste urte batez. Luze edo motz ikuskizun umoretsuak irekiko du jaia, etzi 20:30etan Biterin, eta larunbaterako eta iganderako egitarau zabala prestatu da. Euskal giroak eta baserriko lanek hartuko dute herriko erdigunea. 

Abeltzain eta baserritarren azokak emango dio hasiera festari. Goizeko 10:00etatik aurrera egongo da ikusgai jaietako erdigune nagusian, hau da, Tilosetan. Bertan izango dira larunbatean, esaterako, baserriko lanbideen erakustaldia, antzinako jokoak, eta herri kirolak.

Hala ere, ez da gune bakarra izango. Kalejirarik ez da faltako Kaxkoan barrena. Hasteko, Musika Eskolako trikitilari eta akordeoilariak aterako dira kalera, goizeko 11:00etan, txoko guztiak musikaz alaitzera. Ondoren, eguerdian, Kalez Kale Kantariko kideek hartuko dute erreleboa, Plaza Berritik abiatuta, geldialdiz geldialdi inguruko denak kantuan jartzeko. Eta segidan, erraldoi eta buruhaundien konpartsa ere aterako da kalera, 12:30etan.

 

Bertsolariak eta musika protagonista larunbata arratsaldean eta gauean

Arratsaldean, Tilosetan, haurrentzako tailer eta jolasak izango dira; eta bertso jaialdi dotorea izango da, Biteriko plazan, 18:00etan, Oihana Iguaran, Alaia Martin, Andoni Mujika eta Agin Laburu bertsolariekin, Iker Ormazabal Tturko gai jartzaile lanetan ariko delarik. Musika Bandak 19:30etan eskainiko du kontzertua udaletxeko arkupetan. Berezia izango da emanaldia, estreinako aldiz zuzenduko baitu Musika Banda Bittor Karrera hernaniar gazteak.

Festa kutxuak gorakada izango du orduak aurrera joan ahala. Zuttik elektrotxaranga aterako da kalera aurrena, eta Gozategik hartuko du erreleboa ondoren: bere 30garren urteurrenean, beste behin jarriko ditu hernaniarrak dantzan, Plazan, 23:00etatik aurrera. 

 
Artisau azoka, pelota, sagardoa, dantza eta trikitilariak, igandean

Euskal Jaiek igandean esango dute datorren urtera arte. Dianaren ondoren, Tilosetaren eta Plazaren arteko eremuan mugituko da festa. Tilosetan, beste azoka bat izango da ikusgai: Pablo Lasa Artisau Azoka. Esku pelota eta pala partiduak ere jokatuko dituzte bertan eguerdian zehar. Plazan, berriz, sagardo dastaketa eta XXIV. Trikitixa Txapelketa antolatuko dira. Eta aurtengo Euskal Jaiak borobiltzeko, dantzak hartuko du protagonismoa. 

Arratsaldean herritarrak ariko dira dantzan, Jeiki Hadik gidatutako erromeriaren eskutik, 18:00etatik aurrera Plaza Berrin. Eta ondoren, Dantzaz konpainiaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, 20:00etan Tilosetara gerturatzen direnek: Gesala emanaldia eskainiko dute, tradizioei eta garapenari buruzkoa, genero ikuspegitik landuta. Getaria dauka inspirazio-iturri.

 

EUSKAL JAIAK 2022

EGITARAUA

ETZI, ostirala

20:30, 'Luze eta Motz' ikusizuna Biterin.

IRAILAK 17, larunbata

10:00, Abeltzain eta baserritarren azoka, Tilosetan.

11:00, Baserriko lanbideen erakustaldia, Tilosetan.

11:00, Musika Eskolako trikitilari eta akordeoilariak, kalez kale.

11:30, Antzinako jokoak, Tilosetan.

12:00, Txakolin dastaketa, Iturriaga kalean.

12:00, Kalez Kale Kantari, Plaza Berritik abiatuta.

12:30, Erraldoi eta buruhaundiak.

12:30, Herri kirolak, Tilosetan.

16:30, Haurrentzako tailerrak, jolasak eta txokolate jatea, Tilosetan.

18:00, Bertso jaialdia, Biterin: Oihana Iguaran, Alaia Martin, Andoni Mujika eta Agin Laburu. Gai-jartzailea: Iker Ormazabal 'Tturko'.

19:30, Musika Bandaren kontzertua, udaletxeko arkupeetan.

20:00, Zuttik elektrotxaranga, kaleetan barrena.

23:00, Gozategirekin dantzaldia, Plazan.

IRAILAK 18, igandea

09:00, Diana.

10:00, XLI. Pablo Lasa Artisau Azoka, Tilosetan.

11:00, Sagardo dastaketa, Plazan.

12:00, XXIV. Trikitixa Txapelketa, Plazan.

12:00, Esku pelota eta pala partiduak, Tilosetan.

18:00, Erromeria Jeiki Hadi taldearekin, Plaza Berrin.

20:00, Dantzaz konpainiaren 'Gesala' dantza ikuskizuna, Tilosetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!