«EH Bilduk ez daki nola erabili modu arrazionalean dagoen dirua»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 13a, 00:00

Urbieta kalean bizikletentzako jarri duten aparkalekua.

EAJ-PNVren arabera, «gure herriak duen arazo nagusia da, duen diru publikoa ez dela gure agintarien poltsikoetatik ateratzen, eta beraz biharko egunik ez balego bezala xahutzen dutela».

EH Bilduko gobernu taldeak Urbieta kalean jarri duen bizikletentzako aparkaleku berriaren harira, EAJ-PNVko bozeramaileak azaldu du gai horretan erreferentzia diren herrialdeetan (Herbehereak, esaterako) erabiltzen dituzten bizikleten aparkaleku motak aztertu dituela eta alderatu egin dituela: «artikulu honen baitan hiru argazki daude, kontzeptu desberdinak alderatzeko. Lehenengo biek antzeko kontzeptuak adierazten dituzte: kalean dauden bizikleta aparkalekuak dira, erabiltzaileentzat kosturik ez dutenak.

Erosketari dagokionez, lehenengoak (goiko argazkia) «531 euroko prezioa du, BEZa barne, eta 16 bizikleta uzteko balio du. Urbieta kalean jarri dutena ikusita, ezin sinistu gabiltza (beheko argazkia). Txandakako aparkalekua dela esaten da, baina hiru egunez utz daiteke bizikleta eta 27.346 euro kostatu zaigu 10 bizikleta aparkatzeko balio duen aparkalekua! Erotuta al gaude? Hernani aberats berriek gobernatzen dute».

Amonarraizen esanetan, EAJ-PNVk bizikleta bidezko mugikortasuna sustatu behar dela uste du, eta era berean, hauek aparkatzeko elementuak beharrezkoak direla. «Herbehereetan, duten klimarekin, aire zabalean aparkatzen dira bizikletak, eta, kasu batzuetan, oso modu arinean estalitako eremuetan; betiere doan. Hernanin, EH Bilduk kamerekin eta gakoekin dabilen armatoste bat jarri du Urbieta kalean, baina bizikletak giltzarrapoz lotzen jarraitu beharko da, edonor sar daitekeelako aparkalekura; eta baliteke aparkatzeagatik kobratzea». Bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, «harrigarria da Urbieta kalearekin EH Bildu egiten ari dena, beren burugabekerien erakusleiho bihurtuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!