«Oso pozik nago aukerarekin, babes haundia izan dut taldekideen eta zuzendaritzaren partez»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 13a, 00:00

Bittor Karrerak oboea alboratuko du larunbatean Banda zuzentzeko.

Bittor Karrera (Hernani, 2002) gazte hernaniarrak Hernaniko Bandaren zuzendari gisa bere debuta egingo du larunbatean, 19:30etan, Euskal Jaien barruan udaletxeko arkupeetan. «Nire kutsua eman nahi diot Bandari».

Bittor Karrera (Hernani, 2002) da Hernaniko Musika Bandaren zuzendari berria. Historiako zuzendaririk gazteena da eta larunbat honetan, hilak 17, 19:30etan Hernaniko Bandaren zuzendari gisa bere debuta izango da Euskal Jaien barruan, udaletxeko arkupeetan. Gazte hernaniarrak bere taldekideak zuzentzeko aukera izango du, oraingoan oboea alboratuz, eta Euskal Jaietan errepertorio ezagun eta, aldi berean, jaiak ospatzeko bere batuta plazaratuko du herritarren aurrean.

Egindako entseguak amaitu ondoren, bere segurtasuna eta ideia oso argiak erakusten ditu, bere adinagatik gehiago nabarmentzen direnak, baina egia da Karrerak, gaztea izan arren, esperientzia haundia duela dultzaina eta oboea jotzen, eta bere ezagutzak eta esperientzia zabaltzen ari da Iruñeko Goi Mailako Kontserbatorioan.

 

Nola sentitzen zara zure herriko Banda zuzentzeko egin zaizun proposamenarekin?

Oso pozik emandako aukerarekin, babes haundia izan dut taldekide eta zuzendaritzaren partez, kontutan izanda gaur egun nahiko zaila dela gazteoi horrelako tokitan ikustea... Zure herriko banda zuzentzen hastea ohore haundia da eta gogo haundiz nago.

 

Zertan oinarritu zara errepertorioa aukeratzean?

Txikitatik ezagunak nituen kantak dira, kalean jai giroan ibilitakoa naiz betidanik, eta edozein herritan aurkitzen diren abestiak dira. Euskal Herrian entzunak izateaz gain bereziki ezagunak diren jaiak hartu ditut erreferente bezala, San Ferminak eta Tolosako ihauteriak bereziki, eta bestelakoekin elkartu ditut. Pozik nago egindako aukeraketarekin, uste dudalako bai ikuslego bai musikariei gustatuko zaiela.

 

Zer moduz ikusi duzu zure burua orain arte egindako entseguetan?

Bi entsegu izan ditugu baino ikusi ahal izan dut Bandaren maila zein den, musika maila oso altua duela uste dut, eta zuzendari bezala nire kutsua eman nahiko diot, hobetzeko aukerak ikusten ditut, edo behintzat maila altu horretan gorago joatea.

 

Zer esango zenioke Hernaniko jende gazteari?

Bandan pixkanaka jende gaztea sartzen ari da, eta horregatik animatu nahi dut kontzertuak ikustera etortzeko. Errepertorioak zabalak ditugu eta ikuslegoa entretenitzeko aproposak izaten dira jotako piezak.
Beti etortzen direnei ere eskerrak eman behar zaizkie, baino berriei aukera zabaldu nahi diet. Kontzertua, jende ezagunez babesturik espero dugu Euskal Jaietan, 19:30etan arkupeetan ospatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!