Donibane Lohizune garaile, 18 urtez azpiko Nazioarteko Couth Torneoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 13a, 00:00

Txapelketako sei taldeetako ordezkariak, txapela bana jantzita. Argazkia: HCRE

Sei taldek hartu zuten parte Landaren, eta finalean 14-7 menderatu zuen Baionako Aviron.

18 urtez azpiko mutilen sei talde aritu ziren lehian, joan den asteburuan, Landaren. Nazioarteko Couth Txapelketaren bigarren edizioa jokatu zuten, bi egunez; eta Donibane Lohizune izan zen txapeldun, finalean Baionako Aviron menderatuta (14-7).

Bi multzotan banatuta ekin zioten txapelketari, sei taldeek: A multzoan Hernani, Sant Cugat eta Donibane Lohizune aritu ziren, eta B multzoan Valladolideko VRAC, Irlandako Temple Carrig School, eta Baionako Aviron.

Maila haundiko topaketa izan da, bigarren edizio honetakoa; eta partidu ikusgarriak jokatu dituzte Landaren. Hernanik ezin izan zuen garaipenik lortu bere multzoan, oso kontrario indartsuen aurrean: 5-17 galdu zuen Sant Cugaten kontra, eta 0-38 Donibane Lohizuneren aurrean. Horrela, bosgarren posturako lehian aritu zen igandean, Temple Carrig School irlandarraren kontra; eta lehia estua izan zuten. Azkenean, irlandarrek lortu zuten garaipena (12-14), eta seigarren bukatu zuen Hernanik.

Multzo bakoitzeko bigarren sailkatuak, berriz, hirugarren posturako lehian aritu ziren: Sant Cugat eta VRAC. Kataluniarrek lortu zuten garaipena, partidu estua jokatuta haiek ere (19-14). Eta torneoa bukatzeko, finala jokatu zuten Lapurdiko bi taldeek, beraien multzoko aurreneko postuan sailkatu ondoren. Sekulako maila erakutsi zuten biek, eta Donibane Lohizunek lortu zuen garaipena, azkenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!