Primeran hasi du denboraldi berria Hernanik, bi garaipen haundi lortuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 13a, 00:00

Aitor Elizalde, mutilen Ohorezko Erregionaleko kapitaina, baloiarekin.

Ohorezko Erregional mailako mutilek 3-1 irabazi zioten Mutrikuri, eta Liga Nazionaleko jubenilek 0-4 Durangori.

Hasi da pixkanaka martxan jartzen, futboleko denboraldi berria; eta aurreneko partidua jokatu dute asteburu honetan, CD Hernaniko bi taldek: Ohorezko Erregional mailako mutilek, eta Liga Nazionaleko mutil jubenilek. Primeran hasi dute denboraldia biek, gainera, garaipen haundi bana lortuta.

Etxean jokatu zuten estreinakoa, Ohorezko Erregional mailakoek: Mutriku hartu zuten Zubipen, larunbat arratsaldean, eta 3-1 nagusitu ziren, aurreneko hiru puntuak lortzeko. Lan polita osatu zuten hernaniarrek, denboraldiko estreinako konpromisoan; eta nagusi izan ziren, hasieratik bukaerara. Ordu laurdena bete zenean lortu zuten aurreneko gola, Axel Sanzen eskutik. Markagailuan abantaila izan arren, berdin jarraitu zuten, jokoan nagusi izaten, bigarren golaren bila. Eta aukera ugari izan zituzten, partidua ia erabakita uzteko, atsedenaldira iritsi aurretik; baina ez zuten asmatu atezainaren aurrean, eta 1-0ekoarekin joan ziren aldageletara. Atsedenetik bueltan, ordea, hasi eta berehala egin zuen bigarren gola Pello Alberdik, baloia lapurtu eta atezaina gaindituta. Eta berdeen nagusitasuna borobiltzeko, hirugarrena lortu zuen Ekhi Gonzalezek, partidua bukatzeko 20 minutu falta zirenean. Hortik gutxira egin zuen bere gol bakarra Mutrikuk, baina partiduari buelta emateko aukerarik gabe. 

Garaipen borobila Durangon, mutil jubenilek

Ezin hobeto hasi du denboraldia, Liga Nazionaleko mutil jubenilen taldeak ere: 0-4 nagusitu zen etxetik kanpo, Cultural de Durangoren kontra. Partidu bikaina jokatu zuten hernaniarrek, eta markagailuan islatu zuten zelaiko nagusitasuna: bi gol lortu zituen Julen Arruabarrenak, eta bana Asier Vicariok eta Ibai Blancok.

Aurreko denboraldian mailari eusteko lehia bizian aritu ondoren, modurik onenean hasi dute denboraldi berria berdeek, urtero hain gogorra izaten den Liga Nazionalean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!