Eider Barba hernaniarrak aurrenekoz irabazi du Kontxako Bandera, Oriorekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 13a, 00:00

Eider Barba (goiko aldean, eskuinetik laugarrena), taldekideekin garaipena ospatzen. Argazkia: Karkara

Oso tarte estuarekin nagusitu ziren herenegun, Arraun Lagunaken aurretik, eta aurreneko igandean lortutako tartea baliatu zuen, bandera irabazteko. Emakumezkoetan, Kontxan nagusitu den bigarren hernaniarra da Eider Barba.

Ez da Kontxako estropadetan izan Hernaniko traineru berdea, aurten ere; baina herrira ekarri du banderaren zati bat, Eider Barba hernaniarrak: Oriorekin irabazi du, Arraun Lagunak menderatuta, bi segunduko tartearekin. Ezin estuagoa izan zen bigarren jardunaldiko estropada, herenegun: pare parean iritsi ziren Orio eta Arraun Lagunak, eta 0,14 segunduko tartearekin nagusitu zen Orio. Hori horrela, aurreneko igandean lortutako tartea (2,16 segundu) baliatu zuen traineru horiak, bandera irabazteko.

Traineru barrutik bizitu zuen estropada Eider Barbak, aurreko igandean bezala; eta gogotik ospatu zuen garaipena, taldekideekin batera, helmugara iritsi zirenean. Aurreneko aldiz irabazi du Kontxako Bandera hernaniarrak, eta bigarren herritarra izan da bera, emakumezkoetan bandera preziatua lortu duena. Ainhoa Saizar izan zen aurrenekoa, 2014an San Juanekin irabazita. Hernanin bizi diren beste bi arraunlari ere izan dira garaile Kontxan: Arantxa Arregi, 2015ean San Juanekin irabazi zuena; eta Laura Goldaracena, San Juanek segidan irabazi zituen bost banderetan parte hartu zuena, 2014tik 2018ra.

Ederra izan zen ohorezko txandako lehia, herenegun. Bi segunduko tartearekin abiatu ziren Orio eta Arraun Lagunak, dena jokoan zegoela; eta oriotarrak izan ziren jaun eta jabe, estropadaren zati haundienean. Berehala lortu zuten hiruzpalau segunduren tartea donostiarrekin, eta sei segunduren abantaila zeukaten ziabogan. Horri gehituta aurreneko igandeko tartetxoa, bandera erabakita zegoela zirudien. Baina orduan hasi zen pixkanaka-pixkanaka gerturatzen Arraun Lagunak, eta ia parean iritsi ziren badiara. Azkeneko metrora arte ez zen erabaki ohorezko txandaren garaipena, videofinisharekin ia, baina bi segunduko abantaila tarte nahikoa zen oriotarrentzat, Kontxako Bandera beraiena zela jakiteko.

 

Uxue Alberdi, Miren Garmendia, Jone Pastor eta Ihintz Larrañaga ere, Kontxako estropadan

Ez zen hernaniar bakarra izan Eider Barba, emakumezkoen Kontxako estropadan. Bera bezala, ohorezko txandan aritu ziren Uxue Alberdi, Donostiarrarekin; eta Miren Garmendia patroia, Hondarribiarekin. Oriori eta Arraun Lagunaki jarraitu ezinik aritu ziren biak: 10,18 segundura bukatu zuen Donostiarrak, eta atzerago Hondarribiak, 21,68 segundura. Biak baino azkarragoa izan zen Tolosaldea, aurreneko txandan (8,20 segunduko atzerapenarekin). Horrela, bi postu galdu ditu Hondarribiak sailkapen nagusian, Donostiarraren eta Tolosaldearen mesedetan, eta bosgarren bukatu du. Hirugarren bukatu du Donostiarrak, ozta-ozta eutsita Tolosaldearekin zeukan tarteari: hiru ehuneneko besterik ez dira izan bien artean, azkeneko sailkapenean.

Eta Hibaikarekin aritu ziren Jone Pastor eta Ihintz Larrañaga, aurreneko txandan. Bigarren izan ziren txanda horretan, eta seigarren guztira, Hondarribia baino bi ehuneneko motelago. Sailkapen nagusian ere, seigarren bukatu dute, Cabo eta Chapela galiziarrei aurrea hartuta.

 

Xabat Pastorrek eta Iker Imazek ezin sailkapena irauli, Donostiarrarekin

Gizonezkoen estropadan aritu ziren beste bi hernaniar, biak ere Donostiarraren tostetan: Iker Imaz eta Xabat Pastor. Aurreneko igandean hirugarren sailkatu ondoren, Hondarribiaren pare eta Urdaibai zazpi segundura zutela, garbi zeukaten egin beharrekoa, bigarren jardunaldian: estropada txikitu, eta bandera irabazten saiatu. Baina kontrario gogorregia izan zen Urdaibai, aurreko igandean bezala.

Bermeotarrak izan ziren azkarrenak berriro, eta beraiek irabazi zuten Kontxako Bandera. Defentsarik onena erasora jotzea dela dioen esaerari heldu, eta indartsu abiatu zen Urdaibai. Ondo eutsi zion Donostiarrak, dena den, eta bi segunduko atzerapenarekin izan zen ia joaneko luze osoan. Hondarribia, ordea, berehala utzi zuten atzean, eta galera pilatzen eta pilatzen joan zen traineru berdea, estropadaren bukaerara arte.

Ziabogara gerturatzen ari zirela, gainera, puntu bat gehiago estutu zuen Donostiarrak, eta Urdaibairen pare jarri zen. Halaxe iritsi ziren maniobrara, pare-parean, eta Donostiarra izan zen segundu bat azkarragoa, estropadaren erdiko erreferentzia horretan. Baina orduan hasi zuen bere indar erakustaldia Urdaibaik: bizpahiru segundu lortu zituen ziabogatik atera eta berehala, eta Donostiarra nola edo hala eusten saiatu zen arren, 10 segunduko tartea lortu zuten bermeotarrek, irlaren parera iristerako. Edonola ere, bukaerara arte lehiatu zuen traineru donostiarrak, eta 8,55 segundura iritsi zen azkenean. Horrela, bigarren bukatu zuen bigarren jardunaldiko estropadan, eta baita sailkapen nagusian ere, Hondarribiari aurrea hartuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!