Ernioko erromeriara irteera gaztetxoekin, Mendiriz Mendik

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 12a, 00:00

Irteera irailaren 18an izango da, eta izena emateko epea hilaren 16an amaituko da. 

Oporrak pasata eta errutinara itzulera xamurragoa egiteko asmotan, Mendiriz Mendik, Ernio erromeriara irteera antolatu du astebururako, gaztetxoekin. Hernanitik irten eta Bidaniako mendatera hurbilduko dira. «Igoera lasai hartuta, Ernioren atzeko aldetik gailurrera igoko gara» nabarmendu dute. Urtero moduan, nahi duenak, gailurrera iritsi baino lehenago aukera izango du burdinezko eraztunak gorputzetik pasatzeko: «usadioak dioenez ona omen da artritiserako eta hezurretarako». 

Behin gailurrera igota, Zelatunera jaitsiko dira, eta tarte luze batez bertako giroaz gozatzeko parada izango dute. Ondoren autobusera jaitsi eta herrira bueltatuko dira, eguerdi aldera.

 

Aldez aurretik izena eman behar da

Irailaren 18an egingo da irteera, Atsegindegitik abiatuta, goizeko 08:00etan. Izena emateko, edo xehetasun gehiago nahi izanez gero, Mendiriz Mendi elkarteko bulegotik pasa, astelehenean, ostegunean edo ostiralean, arratsaldeko 20:00etatik 21:00etara bitartean. Azkenik, antolatzaileek aditzera eman dute, izena emateko azken eguna ostirala izango dela, hilaren 16a hain zuzen ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!