27-30 irabazita, Urriza Buruz Buruko txapeldun bilakatu zen larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 12a, 00:00

Barrenetxea eta Urriza larunbatean, sari banaketan.

27-30 galduta ere, Barrenetxea pozik agertu da egindako lanarekin: «gustora nago, dena eman dut eta lan ona egin dut... Orokorrean oso berdindua izan da partidua».

Asteburu potoloa izan da erremontean, izan ere, larunbatean, Buruz Buruko txapelketaren finala jokatu zuten, laugarren aldiz elkarren aurka, Endika Barrenetxeak eta Javier Urrizak. 27-30 irabazi zuen iruindarrak, hala ere, hernaniarrak sekulako partidua jokatu zuen eta ez zen erraza izan hau garaitzea. Atzelari hernaniarrak, 27-30 galdu bazuen ere, irabazlea izateko aukerak gertu izan zituen. Eta azken momentuko detaileek erabaki zuten finala.

Guztira ordu eta 12 minutuko partidua izan zen, eta berdintsu hasi zen, inork ez zuen markagailuan ihes egin. Lehia biziko partidu honetan azken minutuetan, Barrenetxeak dena eman zuen, baina Urriza gailendu zen 27-30, Kutxabank Torneoko zortzigarren txapela jantziz. 

Javier Urriza pozik agertu zen bere zortzigarren txapelarekin. Eta oraindik ez du erabaki bere azken txapelketa den ala ez: «Ez dut erabakirik beroan hartu nahi. Baliteke jokatzen dudan azken txapelketa izatea, gogorra baita, baina oraindik ez dago erabakita. Ez dakit». Horrez gain, ziurtatu du Barrenetxeak ez diola partidu erraza jarri: «Partidua espero zena izan da, oso parekatua eta oso gogorra. Une batzuetan ez dugu asko piloteatu, eta hor jakin izan dut partidu barruan egoten eta ez irteten. Sakearekin asmatu dut egia esan». 

Txapeldunordea, pozik 

Txapeldunordea ere pozik agertu da egindakoarekin: «Joko ona egin dugu. Biok oso ongi aritu gara eta horrela irabazten dizunean, dena eman eta lan ona egin denean, zoriondu besterik ez da geratzen. Gustora nago, dena eman dut eta esan bezala lan ona egin dut».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!